"Negua, muturreko tenperaturak, trafiko handia, elurra, gatza, elurra kentzeko makinak.…" Horiek dira autobiako zoruan zulo ugari sorrarazten dituztenak, Nafarroako Gobernuko Kontserbazio Zerbitzuko Mendebaldeko Negoziatu arduradun Patxi Ruiz Urmendiak azaldu digunez.
Ruizek gaineratu digunez, "izan diren muturreko tenperaturekin, behin behineko konponketak besterik ezin izan ditugu egin". Gobernuko ordezkariak azaldu digunez, halakoak egiteko aglomeratu asfaltiko hotza erabiltzen dute. "Baina trafiko handiko errepideak direnez, ibilgailuek hura zapaltzean askatu eta berriro zuloak agertzen dira". Hala, aurreko asteetan aritu direla gaztigatu digu, "asteburuan, esaterako, bi talde izan ziren lanean". Baina zuloak berriro agertzen ziren. "Aurretik ez da gertatu". Egoera N-121ean (Belate) berdina dela azaldu digu.
Errepideen kontserbazioko arduradunak esan digunez, "behin betiko konponketa egiteko eguraldi onaren zain egon gara. Atzo hasi ginen, gaur segituko dugu eta, iragarpenaren arabera, hurrengo astean ere segituko dugu".
Orain arte baino talde handiagoak ari dira lanean konponketetan. Lehenik zorua fresatu eta, ondoren, aglomeratu asfaltiko beroa zabaldu eta egoki zapalduko dute. Oraindik zenbat metro karratu konponduko zituzten ez zekiela azaldu digu. Lehentasuna errepide sare nagusia dela ere nabarmendu du.