Helburu horrekin antolatu dute Sakanako Sortuk eta Ernaik praktika torturaren kontrako ekitaldia. Horrela torturen ondorioz hildako Joxe Arregi (asteartean 37 urte) ere gogoratu zuten. Ekitaldia antolatu duten bi erakundeek jakinarazi dute 1960 eta 2010 urteen artean Sakanan 117 pertsonek salatu dituztela torturak. Batzuk behin baino gehiagotan, 135 kasu jasota baitaude. “Tamalez, gehiago izanen dira ziurrenik”, gaineratu dute.
Sortuk eta Ernaik adierazi dutenez, “benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago. Bake prozesu integral bat bultzatu behar dugu, urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikus-araziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin. Militante politikook eta inork, halakorik berriro inoiz jasan ez dezagun”. Ekitaldia eginen duten plazan lehen Guardia Civilaren kuartela zegoela gogorarazi dute deitzaileek eta adierazi dute “Sakanak eta Euskal Herriak nahi duten etorkizuna, desmilitarizazioa eta askatasuna, iluntasunetik argitasunera salto egitea da”.