Ezkurdiak eta Zabaletak ezin izan zuten Altsasun irabazi

Guaixe 2018ko ots. 19a, 10:04

Partida oso estuan 22 eta 18 irabazi zieten Bengoetxea VI.ak eta Larunbek. Altuna II.a eta Martijak, aldiz, k13 eta 22 hartu zituzten menpean Olaizola II.a eta Imaz

Binakako hasierako ligaxkako 13. jardunaldia jokatu da asteburuan. Guztia dago erabakita, finalerdietarako sailkatu diren lau bikoteak nortzuk diren jakina baita, baina nahiz eta txapelketako tentsio hori ez izan, jardunaldi polita izan da eta kantxan dena eman dute pilotariek.

Altuna III.a eta Martija, bikain
Larunbatean, Labriten, Olaizola II.a eta Imaz izan zituzten aurkari Altuna III.ak eta Martijak. Ikusmin handia zuen partidak, bi bikoteak finalerdietara sailkatuta daudelako eta partida finalerdi aurreratu bat zirudielako. Hortaz, tentsio handia izan zuen partida izan zen goraino betea zegoen Labrit pilotalekuan eta pilota zaleek ikuskizun ikusgarriaz gozatu zuten. Hasierako bi tantoak Aspekoen aldera erori ziren, baina Aimar Olaizolaren txispari esker, 8 eta 2 aurreratu ziren Aspekoak. Hortik aurrera, pilota aldatuta, atzeko koadroetan Julen Martija hasi zen agintzen eta, bederatzira berdindu eta gero, Aspekoak aldea ateratzen hasi ziren, Jokin Altuna ikusgarri bati esker.  Horrela, 13 eta 22 irabazi zuten Altuna III.ak eta Martijak. Lortutako puntua baino gehiago, finalerdietara begira lortu zuten animo dosia izan zen garrantzitsuagoa

 

Ezkurdia eta Zabaleta, etxean ezin
Jardunaldiko azken partidan, atzo etxean jokatu zuten Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak, Altsasuko Burunda pilotalekuan, Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra. Partida lehiatua izan zen, eta Ezkurdia eta Zabaleta aurreratu ziren hasieran (2 eta 6, 7 eta 10). Jokoaren erritmoa azkartu zuten, Zabaletak atzean agintzen zuen eta Ezkurdia errematean fin zebilen. Partidaren kontrola sakandarrek zutela zirudien, baina Zabaleta akatsak egiten hasi zen eta Larunbe Zabaletari gailentzen hasi zitzaion. Horrela, Bengoetxea VI.a berpiztu zen, Asegarcekoek hamarna berdintzea lortu zuten eta hortik aurrera, sakandarrek egindako akatsei esker, aldea ateratzen hasi ziren (15 eta 11, 20 eta 16). Azkenean, 22 eta 18 irabazi zuten.

Gauzak horrela, Elezkano II.a-Rezustak 11 puntu dituzte, Altuna III.a-Martijak 9 puntu, Olaixola II.a-Imazek eta Ezkurdia-Zabaletak zazpina puntu, Laso-Albisuk eta Urrutikoetxea-Galarzak bosna puntu eta Bengoetxea-Larunbek eta Irribarria-Merino II.ak launa puntu.

Binakako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da asteburuan. Ezkurdiak eta Zabaletak Laso eta Albisu izango dituzte aurkari larunbatean Labriten. Aldiz, igandean jokatuko dute Altuna III.ak eta Martijak, Eibarko Astelenan, Irribarriaren eta Merino II.aren kontra. Ez dago ezer jokoan, finalerdietan ariko diren lau bikoteak –Elezkano II.a-Rezusta, Altuna III.a-Martija, Olaizola II.a-Imaz eta Ezkurdia-Zabaleta– erabakiak baitaude, baina txapelketaren erritmoari eutsi eta tentsioa mantentzeko, galtzea gustuko ez dutelako eta profesional handiak direlako, kantxan dena ematera aterako dira pilotariak.

Promesak: Bakaikoak eta Etchegoinek ez zuten jokatu
Promesen edo 2. mailako Binakakoan, 7. eta azken jardunaldia jokatu zen asteburuan. Joanes Bakaikoak eta Etchegoin Gorka eta Salaverriren kontra jokatzekoak ziren ostiralean Hendaian. Baina lesioak tarteko, eta ordezkorik ez zegoenez, partida ez zen jokatu. Gauzak horrela, Agirre-Iturriaga, Etxeberria-Jaunarena, Peña II.a-Erasun eta Ugalde-Erostarbe sailkatu dira finalerdietarako.

Binakako ligaxkako azken jardunaldia
Olaizola II.a-Imaz / Elezkano II.a-Rezusta (ostiralean Bergaran. ETB1)
Ezkurdia-Zabaleta / Laso-Albisu (larunbatean, Labriten. ETB1)
Irribarria-Merino II.a / Altuna III.a-Martija (igandean, Astelenan. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Urrutikoetxea-Galarza (astelehenean, Tolosako Beotibarren)