Sakana Zirt izan zen lehian sartzen aurrena eta ostiralean Altsasuko gaztetxean jokatutako saioarekin despeditu zuen bere parte hartzea. Artieda, Granizo eta Lazkoz hiruko sakandarrak Barañaingo Patioko banda taldeko Mikel Lasarte Zia, Ainara Ieregi Aranburu, Sarai Robles Vitas, Enma Murillo San Martin, Ainhoa Sabuki Arenaza, Amaia Lasheras Zapata, Zuhara Zaratiegi Lopez, Idurre Villanueva del Burgo eta Beñat Astiz Isasirekin neurtu ziren.
Haiek entzutera Altsasuko gaztetxean adin guztietako 80 bat bertsozale elkartu ziren. Sakandarren eskarmentu handiagoa oholtza gainean agerian gelditu zen. Eta hala jaso zuten bi epaileek eta publikoan epaile ari ziren ikusleek ere. Beraz, puntua ibarrean gelditu zen. Bardo kontuak despedituta, bertsolari sakandarrak bertso eskolan segituko dute errimaren artea lantzen.