Aspaldiko partez, Lagun Arteak eta Etxarrik irabazi

Guaixe 2018ko ots. 19a, 14:03

Preferente maila. 19. jardunaldia. Lagun Artea 6 – Doneztebe 1 / Etxarri 2 – Lagunak 1

Aspaldiko partez, jardunaldi borobila izan dute preferente mailan dabiltzan bi talde sakandarrak, Lakuntzako Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek.

Etxarrik meritu handiko garaipena lortu zuen lidergoa jokoan zuen Lagunak liderraren kontra. Lehen zatian Etxarrik dominatu zuen eta arriskua sortu zuen kontrako atean, baina ez zen golik egon. Bigarren zatian Javik Etxarri aurreratu zuen eta erasoan jarraitu zuten etxarriarrek. Horrela, handik minutu batzuetara bigarrena sartu zuen Alainek. Zorigaiztoko jokaldi batean Lagunak taldeak gola sartu zuen eta partida berdintzeko erasoan hasi zen, baina Gorrizek Etxarriren atea ongi defendatu zuen eta, azkenean, 2 eta 1 irabazi zuen Etxarrik, merezitako garaipena eta oso beharrezkoa.

Itsesalden Lagun Artea sailkapenean hirugarrena den Donezteberen gainetik pasa zen. Lakuntzarrek denboraldiko partidarik onena jokatu zuten eta euren jarraitzaileei 6 gol eder eskaini zizkieten. Bi taldeendako partida garrantzitsua zen, baina Doneztebek ez zuen bere benetako maila eman. Burillok sartu zuen lehena, Unaik bigarrena eta Davilak hirugarrena. Atsedenaldiaren ondoren, Lagun Artearen gol festak jarraipena izan zuen. Estangak, Anderrek eta Enekok Doneztebekoen atean asmatu zuten. Bukaeran Retegik Donezteberen aldeko gola sartu zuen eta horrela bukatu zen partida.

Gauzak horrela, Infanzones taldea da preferente mailako lider berria (38 puntu). Lagun Artea 12.a da (21 puntu) eta Etxarri 13.a (16 puntu). Asteburuan lidergoa berreskuratu nahian egongo den Lagunak taldearen kontra ariko da Lagun Artea, Barañainen, eta 15 punturekin sailkapenean 14.a den San Andres izango du aurkari Etxarrik; arerio zuzenen arteko partida da eta 13. postua dago jokoan.