Bide

kolaboratzaileak

Sakana zaharretik egin nahi digute berriz ere igarobide. Izan da mendeetan  Arakil edo Burundaren ubide. Aralar eta Andiaren erdibide. Lautadatik Iruñerrirako pasabide. Glaziazio garaietako animalia multzo handien migrazio bide, lehen gizakien harrapaketa gupidagabearen adibide. Lehen gizaki haien lantza zorrotzen kide, tren berri batek erasotzen du Sakana, eskatuz berriro  zabalbide.

Erromatar latinzaleen harrizko galtzaden ibilbide, haien osteko germaniar tribu beldurgarrien penintsulara sarbide. Euskaldunen aurkako godo eta musulmanen burruka galduen ihesbide. Inbaditzaile gaztelarrek izan zuten erreinu zaharraren galera ekartzeko norabide. Frantses akituen gerra galduen irtenbide. Horrenbeste gauza ikustera iritsi den gure mugarri Beriainen ikasbide, berriz ere ikusteko Sakanan barrena zeharkatzen trenbide.

Nahikoa bideberri eta autobide, kamioi eta auto bihurtu dira sakandarron herrikide. Oraingoan sartu nahi digute erditik burdinbide, hark onurarik ekarriko ez digula dugu jarraibide. Zatituz bailara berriz bitan, ezin izan naturarekin bizikide. Laban zorrotzaren antzera, esango didazue zein den gauza hauek egiteko agintarien irizpide. Gure edertasun naturalaren  galbide, nork emango dizkio ondorengoei argibide. Badira bizilagunak elkar laguntzen burkide, gera dezagun abiadura handiko trena, hura ez baita inundik inora konponbide.