Pentsioak

SASOIA Jubilatuen elkartea 2018ko ots. 23a, 08:07

kolaboratzaileak

Pentsioen gaiari heldu beharko diogu berriz ere. Ez da, urtean zehar erabat desagertzen den gaia, baina urtearen hasieran protagonismo berezia hartzen duen gaia da eta, aurten ere, hala izan da. Hasi gara Gobernuak bidaltzen digun gutuna hartzen eta, beti bezala, harro ikusten dute beren burua, guretako hobekuntza bermatzen dute eta datozen belaunaldientzat babes ekonomikoa ere bai. Jubilatuok ez gaude ados gutun horrek dioenarekin.

Jubilatuen munduan mugitzen garenok, gure kezkak gizarteratzen hasiak ginen. Jubilatuen egoera gero eta larriagoa da. Bere denboran, pentsioaren igoera zehazteko inposatu zuten irizpidea (%0,25) oso kaltegarria izango zela aurreikusia genuen . Kontsumoko prezioen indizeak gora egin duen heinean, pentsioen erosteko ahalmena pikutara joan da. Gero eta murritzagoa gelditzen zaigu hileroko soldata. Aurten ere %1,2koa izan  da KPIren igoera.

Madrilen betiko jokoa agerian gelditu da. Bañez andreak aurrea hartu nahi izan die gure kexuei bere proposamenarekin. Egon gaitezen bada lasai, pentsioen diru kopurua igo eta, bermatzeko errebalorazio irizpide berrien bila hasi dira. Ba, ez gara lasai geldituko eta jubilatu guztiok elkarrekin borrokan asteko garaia da.

“ADINEKOEK KRISIAREN AURKA” Koordinakundeak hilaren 8an eta 9an hau dena salatzeko  egin zuen ekintza arrakastatsua izan zen. Jubilatuek inoiz eman duten erantzunik jendetsuena gertatu zen, asko izan ziren Fatima Bañezi itzuli zitzaizkion gutunak. Oso erreta gaude eta ez dugu etsiko. Hau da bidea, asko gara eta elkartzen bagara eraginkorrak bilakatuko gara.