Elurraren egunean, gozatu ederra

Guaixe 2018ko ots. 21a, 10:41

Eski eta erraketa ibilbideak egin eta musherren erakustaldiaz gozatu zuten Mank-en ekimenean parte hartu zutenek

Urbasan elurra egin zuela eta, Sakanako Mankomunitateak, hainbat talderen laguntzarekin, Elurraren Eguna antolatu zuen igandean. Horretarako, Urbasa-Andia Ipar Eski Lagunak, Altsasuko Mendigoizaleak, NavarMushing txakur lera kluba, Bidelagun eta Nafarroako Gobernua talde eta erakundeen laguntza jaso zuen.

Elurbusa antolatu zuten, elurra dagoenean Urbasan dauden trafiko arazoak ekiditeko. Altsasuko Suhiltzaileen paretik 8:30ean eta 10:30ean atera zen Elurbusa, eta, Urbasatik, 12:30ean eta 14:00etan egin zuen itzulera. Elurraren egunari esker, hainbat jarduera egiteko aukera izan zen Urbasan: maila ezberdinetako ipar eski eta erraketa ibilbideak, musherren erakustaldia eta baita elurrean barna paseoak, trineoekin ibili eta abar.

Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak adierazi digunez, erraketen ibilbidea egin ahal izan zen, Altsasuko Mendigoizale taldeko Javi Zelaiaren laguntzarekin. Eski ikastaroa ere egin zuten, Urbasa-Andia Ipar Eski Taldeko Gorka Garciaren laguntzarekin eta Juan Migel Arzelusen laguntzarekin. “Elurra egiten duen guztietan bezala, Otxoportilloko pistan eski klasikorako aztarna egin zuten eski taldekoek motoarekin eta ederki eskiatu ahal izan genuen horri esker. Eta aipatutako guztiaz gain, txakur leren erakustaldia eskaini zuten Jorgek, Enekok eta haien kideek” azaldu zuen Gerrikagoitiak. Ipar eskian aritzeko Urbasa bikaina dela gaineratu zuen teknikariak. “Urbasako Otxoportilloko pistak eta inguruek elurraz gozatzeko hainbat jarduera egiteko aukera ematen dute, natura errespetatuz. Arduraz ibili beharra dago, horregatik Nafarroako Gobernuko ingurugiro sailarekin elkarlanean antolatzen dugu” gaineratu zuen teknikariak. Beraz, gustura ibili ziren guztiak.