Mikel Astiz hirugarrena Valtierrako Duatloian

Guaixe 2018ko ots. 21a, 11:42

Gure duatletek 2018 denboraldiari ekin diote eta primeran ibili dira Valtierrako Duatloian: Mikel Astiz hirugarrena, Sergio Garcia Eulate zazpigarrena eta Juan Luis Maiza lehena beteranoen 2 mailan

Sakandarrak VI. Valtierrako Duatloian
1. Alain Santamaria     1:02:16
3. Mikel Astiz        1:02:31
7.Sergio G. Eulate    1:02:53
17. Javier Borrega     1:05:18
22. Juan Luis Maiza    1:06:40
24. J. I. Mikeo        1:06:47
26. Ivan Sobredo        1:06:54
49. J.C. Gomez        1:09:14

 

Sakana Triatloi Taldeko kideak eta beste taldetan aritzen diren duatleta sakandarrak martxan daude eta 2018 denboraldia igandean estreinatu zuten, VI. Valtierrako Duatloian. 250 duatletek hartu zuten parte bertan, eguraldi hotza baina lehorra zegoela. Duatleta sakandarrak bikain aritu ziren, eta guztiak, bizikletan matxura izan eta proba utzi behar izan zuen Gorka Garcia de Eulate izan ezin, lehendabiziko 50 postutan sailkatu ziren.

Alain Santamariak (1:02:16) eta Nuria Rodrigezek (1.11:08) irabazi zuten Valtierrako Duatloia. Santamariak 10 segundo atera zizkion Arenas taldeko Iñigo Sevillanori eta 15 segundo Hiruki Valle de Egües Triatlon taldean dabilen Ihabarko Mikel Astiz Errori. Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate altsasuarra 7.a sailkatu zen (1:02:53) eta aipatzekoa da helmugan 22.a sartu zen Juan Luis Maiza etxarriarra lehena izan zela beteranoen 2 mailan.

Altsasu eta Arbizuko Duatloiak eta Bizi Mendi Duatloia ate joka
Martxoaren 17an VIII. Altsasuko Duatloia jokatuko da, Sakana Triatloi Taldeak antolatutakoa. Goizean kategoria txikikoak lehiatuko dira, Nafar Kirol Jolasen barruan, eta arratsaldean, aldiz, helduen proba nagusia. Izena ematea zabalik dago www.navarratriatlon.com web gunean. Bestalde, Arbizuko Duatloia martxoaren 24an jokatuko da. Bukatzeko, apirilaren 24an Bizi Mendi Duatloia jokatuko da Altsasun, Nafarroa Oinezaren alde. Izena ematea zabalik dago www.kirolprobak.com web orrian.