Sakandarrik gabe segituko du Bardoak

Guaixe 2018ko ots. 23a, 12:56

Nafarroako taldekako bertso ekimenean, Bardoak 2018an, parte hartzen duten bi taldeak aurreneko fasean gelditu dira. Hala ere, bertsolari gazteei plazak eman eta eskarmentua pilatzen laguntzeko aukera ederra izan da

Bardoak 2018, Nafarroako taldekako bertso ekimena 16 talderekin eta 113 parte-hartzailerekin abiatu zen otsailaren 9an. Haien artean ibarreko bi talde zeuden: Sakana Zirt eta Sakana Zart taldeak, bederatzi bertsolariz osatuta. Aurrenekoan Idoia Granizo Uribarrena, Eneko Lazkoz Martinez eta Unai Artieda Estanga bertsolariak zeuden. Bigarren taldean, berriz, Josema Leitza Razkin, Joseba Andoni Beltza Bengoetxea, Ekain Alegre Gil eta Saats Karasatorre Martinez bertsolariak.

Talde bakoitzak bi bertso saiotan parte hartzearekin batera, beste multzoetako saioetan epaile izan dira. Bi talde sakandarrek bi saioetako batean puntua eskuratu dute, baina hori ez da nahikoa izan bigarren fasera pasatzeko.

Helburuak
Sakana Zirtek eta Sakana Zartek lehiaketan aurrera egitea lortu ez badute ere, txapelketaren beraren helburuak lortu dituzte: "bertso-eskoletatik abiatuta, bertso-eskolen sarea eta bertsozaletasuna indartzea". Ekimenaren helburu nagusia "bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritzea da, bertsolari berriei plazak eskainiz eta bertsolari eskarmentudunekin kantatzeko aukera emanez". Aldi berean, "bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaini" nahi izan du ekimenak.

Beraz, bertso eskolan eta bakarka egindako lana jendaurrean emateko aukera izan dute gure bertsolari gazteak. Baita txapelketa baten dinamika barrutik ezagutzeko aukerarekin batera.