Berazak gustura ekin dio denboraldiari: bosgarrena izan da Kobaz Koba Trailean

Guaixe 2018ko ots. 21a, 14:51

Antzuolako 8 Milietan Joxeja Maiza 11.a sailkatu zen

Jose Luis Beraza mendi korrikalari uhartearrak gogoz ekin dio 2018 denboraldiari. Igandean, Zestoan, III. Kobaz Koba Traileko 25 km-ko proban lehiatu zen sakandarra. 234 korrikalarik lortu zuten guztiz lokaztuta zeuden Zestoako mendi ederretan barna jokatzen zen proba osatzea, eta Julen Martinez de Estibariz arabarra (2:12:51) eta Uxoa Irigoien gipuzkoarra (2:44:48) izan ziren irabazleak. Jose Luis Beraza bosgarrena sailkatu zen (2:17:32) eta kontentu dagoela nabarmendu du sare sozialetan. “25 km eta ia 1.500 m desnibel positiboa, lokatz tartean… kilometroak aurrera egin ahala, sentsazio hobeagoekin despeditu dut proba eta kontentu nago, aurtengo denboraldirako irrikan!”. Puntan hasi du denboraldia, beraz, uhartearrak.

13 km-koan etxarriarrak
Proba nagusiaz gain, 13 km-ko Kobaz Koba lasterketa jokatu zen. 187 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea. Xabi Letek (1:08:02) eta Vanessa Pelaezek (1:28:00) irabazi zuen eta Carlos Mañeru etxarriarra 49.a sailkatu zen (1:34:37). Erkuden San Martin (1:48:12) eta Mikel San Martin (1:48:57) anai arreba etxarriarrak 121.a eta 124.a sartu ziren helmugara.

Maiza eta Razkin Antzuolan
Igandean VI. Antzuolako 8 Miliak lasterketa jokatu zen, 13,8 km-ko proba. Hassan Aitchaou (1:07:24) izan zen proba despeditu zuten 222 korrikalarien artean azkarrena. Joxeja Maiza etxarriarra 11.a sailkatu zen (1:16:26) eta Alberto Razkin 29.a (1:20:38).