Pilota Bulkatzeko Sakanako Pilota Proiektua aurkeztu dute

Guaixe 2018ko ots. 22a, 12:17

Astelehenean aurkeztu zuten Nafarroako Euskal Pilota Federazioak, Sakanako Mankomunitatea eta Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Ziordiko Udalen laguntzarekin, egindako proiektua

Astelehenean Pilota Bultzatzeko Sakanako Proiektua aurkeztu zuten Sakanako Mankomunitatean, Lakuntzan. Aipatu proiektua Nafarroako Euskal Pilota Federazioak egin du, Sakanako Mankomunitatearen eta Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Ziordiko Udalen laguntzarekin. Sakanako Pilota Proiektua Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak eta Nafarroako Pilota Federazioko ordezkari eta proiektuaren arduradun Iñaki Esainek aurkeztu zuten. Beraiekin batera, Sakanako pilota eskoletako teknikariak, pilotariak, gurasoak eta beste izan ziren.

Euskal pilotan aritzeko ohitura handia egon da Sakanan. Ohiturak jarraitzen du, baina euskal pilotak behar bezala aurrera egiteko pilota sustatzeko proiektua egitearen beharra ikusi zen. Horrela, Sakanako Pilota Elkarteekin harremanetan jarri ziren. Ondokoak dira Sakanako taldeak: Sutegi (Olazti), Pilotajauku (Altsasu), Aldabide (Arbizu), Gure Pilota (Etxarri Aranatz), Lakuntza eta Irurtzun. Beraiekin bilerak egin ondoren, dauden arazoak aztertu eta ideia berriak mahairatu ziren, beti ere eskualdean ohituraz oso garrantzitsua den pilota bulkatu eta sendotzeko. Ideia nagusiak ikastetxeetan pilotaren promozioa egitea, monitoreen formakuntza sustatzea eta beraien taldeetan maila bereko pilotarien taldea osatzeko arazoak dituzten pilotariak bertako monitore formatuekin entrenatzeko elkartze dira, besteak beste. Bestalde, Gure Pilotako emakumezkoen taldea lagundu eta bulkatu nahi da, Sakanan emakumezkoen pilota sendotzeko.

Ekintzak
Sakanako Pilota Proiektuari esker, ondoko ekintzak burutuko dira: batetik, 6 pilotariko taldeak osatuko dira esku pilota edo emakumezkoen palan entrenatzeko, astero edo hamabostero. Bestetik, monitoreak formatu eta trebatuko dira eta, Sakanako neska-mutilei aukera emango zaie nahi duten modalitatean hasteko, beti ere, gutxieneko partaidetzarekin.

Hilabetez hilabete
Otsailean, monitoreak prestatu nahi dituzte, sortzen diren pilotari taldeen entrenamenduak planifikatzeko. Horretaz gain, parte hartuko duten taldeen entrenamenduetara joango dira, pilotariak ezagutzeko eta euren lana hobe prestatzeko. Eta martxotik ekainera, asteartetan Etxarri Aranatzen bi taldek eskuz entrenatuko dute, gazteak eta 22 urtez azpikoak, Mattin Ezkurdiarekin eta Adur Lasarekin. Ostegunetan, Bakaikun, eskuz, kimuak, haurrak eta kadeteak Adur Lasarekin trebatuko dira. Eta astelehenetan, Ziordian, emakumezkoen bi talde –kimuak, haurrak, kadeteak eta gazteak –paleta argentinarrean trebatuko dira, Asier Galartzarekin. Eta horretaz guztiaz gain, nahi dutenek Lekunberrira joan ahal izango dute trinketean aritzera, Asier Galartzarekin.