Etxarri Aranatzen hasiko dira Nafarroako Kirol Jokoak

Guaixe 2018ko ots. 23a, 10:53

Lehendabiziko jardunaldia Etxarrin jokatuko da, igandean, 11:00etan, pilotalekuan. Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatako taldeak daude parte-hartzaileen artean

Igandean hasiko dira Nafarroako Kirol Jokoak Etxarri Aranatzen. Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen ditu, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin batera. Bost  jardunaldi izango ditu, martxoaren 25eko Berroetako finala barne. Igandean lehen jardunaldia jokatuko da Etxarri Aranatzen, goizeko 11:00etatik aurrera, Euskalerriari pilotalekuan. Martxoaren 4an Beteluk bigarren jarduna hartuko du, martxoaren 11n Antsoainek hirugarrena, martxoaren 18an Igantzik laugarrena eta bosgarren jardunaldia eta finala Berroetan jokatuko da, martxoaren 25ean.

Kimuak, haurrak eta kadeteak
Hiru kategoriatan jokatuko da txapelketa: kimuak (11-12 urte), haurrak (13-14 urte) eta kadeteak (15-16 urte). Taldeak mistoak izaten dira, mutilek eta neskak osatutakoak. Kimuek herri kirol proba konbinatuan hartuko dute parte, eta haurrek eta kadeteek proba konbinatuan eta sokatiran. Herri kirol proba konbinatuan koxkol biltzea, zaku lasterketa, txinga-erutea eta korrika egin beharko dute kimuen mailakoek, eta haurren eta kadeteen mailakoek trontza gehitu beharko diete aurrekoei.

Nafarroako 11 kirol talde lehian
Nafarroako Kirol Jokoetan 11 kirol taldeetatik sortutako hainbat taldek hartuko dute parte. Sakandarrei dagokienez, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako Kirol Elkarteak eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako Har Hitza Kirol Elkarteak hartuko dute parte, hainbat talderekin. Berriozar, Basaburua, Araitz-Beteluko Araxes, Igantzi, ,Baztan-Bidasoako BRT Menditarrak, Arartza (Betelu eta Iberok elkarrekin osatutako taldea), Antsoain, Aranaberri (Betelu, Berriozar eta Antsoain taldeen artean osatutakoa) eta Txantrea dira gainontzeko taldeak.

Taldeak, kategoriaka
Kimuen mailan 17 talde lehiatuko dira. Horietatik 7 Andra Mari ikastolakoak dira, 3 Iñigo Aritza ikastolakoak, 3 Antsoaingoak eta bana Berriozar, Arartza, BRT Menditarrak eta Igantzikoa.
Haurren mailan, proba konbinatuan 13 talde lehiatuko dira. Andra Mari ikastolak hiru talde ditu, Antsoainek eta Berriozarrek bina talde, eta Iñigo Aritzak, Araxesek, Txantreak, BRT Menditarrak, Basaburuak eta Artzanegik talde bana. Sokatiran, aldiz, (480 kg) 12 taldek hartuko dute parte. Andra Marik lau talde aurkeztuko ditu, Antsoainek eta Berriozarrek bina talde, eta Iñigo Aritzak, Araxesek, Txantreak eta Basaburuak talde bana.
Bukatzeko, kadeteetan proba konbinatuan 4 taldek hartuko dute parte: Andra Marik, Iñigo Aritzak, Basaburuak eta Aranaberrik. Sokatiran (540 kg), aldiz, 5 talde arituko dira: Andra Marik aurkeztutako bi talde, Iñigo Aritza, Aranaberri eta Basaburua.