Ederbidea egiteko udalez gaindiko plan sektoriala

Guaixe 2018ko ots. 24a, 12:34

Bidasoako eta Plazaolako bide berdeak lotuko ditu Ederbideak, Doneztebe eta Irurtzun artean

Ederbidea Baiona, Donostia eta Iruñea bizikleta ibilbide bidez lotzeko egitasmoa da (240 km), Europako Eurovelo ziklistendako ibilbide sarearen parte izanen dena eta kontinentea zeharkatzen duena. Nafarroan proiektua garatzeko Bidasoako eta Plazaolako bide berdeak lotuko dituzte, Doneztebe eta Irurtzun arteko bide bat sortuz.

Nafarroako Gobernuak lan hori Udalez Gaindiko Plan Sektoriak (UGPS) izendatu eta hala publikatu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean ostegunean. Han jaso denez, Doneztebe eta Irurtzun lotzeko lau alternatiba posibleen  artean bigarrenaren alde egin dute (52 km): Donamaria, Saldias eta Jauntsarats herrietan barna, batez ere N4040 eta N4114 errepideen trazaduratik joanda, eta Belate Gorostietako mendatetik igarota.

Horrela arrazoitu dute: "ibilgailu motordunen trafikoak eta maldek ahalbidetzen dute Eurovelo sareko baldintzak betetzea. Gainera, lotura egiteko aukerarik motzena eta trafiko gutxien duena da, eta, aldi berean, balioa ematen die bideko herriei, biztanlerik gabe gelditzen ari diren herriak baitira". Latasan bat egiten du Plazaolarekin.

Bestalde, Plazaola bide berdeko Arakil eta Sarasa arteko lanak aurrera segitzen dute. Pasa den garagarzaroan hasi ziren lanak eta hasieran asko aurreratu bazuten ere, elurte eta euriteengatik lanak geldiarazi dituzte. Arakil kide den Plazaola turismo partzuergoko kudeatzaile Gustavo Ortiz Barronek azaldu digunez, aurreikusitako geldialdiak dira egindakoak. "Lanak, berez, urte baterako dira. Garagartzaroan despedituko dituzte".