Euskalgintzan aspaldi kezka dago. Herrigintzatik eta administrazioetatik euskararen alde lan egiten dutenek partekatzen dute kezka: euskararen jakintza asko handitu bada ere, erabilera ez da hazi. Eta, larriagoa dena, herri euskaldunenetan, euskararen arnasguneetan, erabilerak behera egin du.
Halako egoera baten aurrean euskarak aurrerako bulkada bat behar duela sinistuta sortu da Euskaraldia , Euskarak 365 egun ekimenaren barruan. 31 erakundek sustatu dute ekimena. Tartean dira Iparraldeko, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako administrazioak eta euskalgintzako erakunde ugari ere. Haien guztien eta euskal herritarren erantzukizun partekatuaren bidez, denen artean euskarari hauspoa eman nahi zaio.
11 egun euskaraz
“Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Josean Artze poetaren aipua da aurreko hori. Eta Euskaraldiak horiei erreparatzen die. Haien hizkuntza ohiturak aldatzera eta inertziekin haustera gonbidatzen ditu, behintzat saiatzera. Nola? Ulertzen duenari euskaraz eginez, hark erdaraz erantzun arren. Eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egiten diet. Horretarako prest bazaude zu Ahobizi bat izanen zinateke eta horrela identifikatuko lizukeen txapa izanen zenuke.
Belarriprest da parte hartzeko beste modua eta txapa hori daraman pertsonak zera esan nahi du: egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzunen dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
Probatutako metodologia
Milaka euskal herritarrek 11 egun horietan eginen dutena oinarri bat du. Aurretik hainbat herritan probatuta dago. Sakanatik gertuenak Aguraingo eta Lizarrako esperientziak izan dira. Haiek egin bitartean euskararen erabilera asko handitu zen eta ondoren hizkuntzaren erabilera esperientzia izan aurretik baino handiagoa izan zen. Adibidez, Lasarte-Oriako Ahobizien arteko euskararen erabilera % 62,4koa zen erronkaren aurretik. Erronka bukatu berritan % 83,8ra igo zen. Eta Erronka pasa eta hiru hilabetera % 81,8koa zen.
Euskaraldia eginen dugu?
Ahalik eta jende gehiena animatu nahi da 11 egun horietan Euskaraldian parte hartzera. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi da. Horretarako, ekimenaren aurkezpenak antolatu dira. Astelehenean Sakanakoa egin zen. Euskaltzaleen Topaguneko Larraitz Lazkano Amadozek azaldu zuenez, Euskaraldia behar bezala prestatzeko, lehen lehenik herriek izena eman behar dute. Sakanako 15 udalerrietatik, oraingoz bakarrak eman du izena, Arbizuk. Apirilaren 8an despeditzen da herriek izena emateko epea. Web orrian eman daiteke izena.
Zeinek bulkatu dezake Euskaraldia herrian?
Euskararen aldeko ekimena bere herrian egitea interesa duten euskaltzaleen elkarteko kideek, udaleko euskara zerbitzuek, euskaltegiek, ikastetxeek, guraso elkarteek, kultur elkarteek, norbanako euskaltzaleek… aukera dute Euskaraldia sustatzeko. Gogoa duten guztiak bildu eta martxan jartzeko lehen urratsak elkarrekin ematea proposatu zuen Amadozek.
Aldi berean gomendatu zuen herrian, auzoan, ibarrean, lantegian edo edozein tokitan Euskaraldiaren aurkezpena egiteko eta gero hura antolatzeko batzorde bat sortzea komeni dela esan zuen. Bertan, tokiko euskalgintzako eragileak elkarlanean aritzeko. Amadozek nabarmendu zuen lehen lana "Euskaraldiaren proposamen orokorra aztertu eta herrira egokitzea izan liteke lehen pausoa. Herriko kronograma eta abendura bitarteko urratsak definitu beharko lituzke batzordeak".Herri guztiak berdinak ez direnez, "herri txikien kasuan, interesgarria izan liteke eskualde gisa aritzea eta indarrak batzea. Egokien iruditzen dena". Egiteko moduei eta prozesuei garrantzia eman diete sustatzaileek.
Funtzioak
Batzordea sortu ondoren, Euskaraldiarekin bat egitea erabakitzen duzuenean eman daiteke izena www.euskaraldia.eus web orrian. Berori tresna garrantzitsua izanen da ekimenaren prestaketan. Haren bidez zalantzak argitu eta prestatzeko, komunikazio plana egiteko eta kudeaketa orokorrerako baliabideak eta gomendioak emateko tresna izanen baita.
Euskara Zerbitzuetako, euskalgintzako eta beste entitateetako (enpresak, kirol taldeak, kultur elkarteak, guraso elkarteak eta abar) ordezkariak egonen dira batzordean eta hiru egiteko izanen dituzte. Lehenik, ekimenaren berri zabaltzea bere inguruan. Bigarrenik, ingurukoak aktibatzea ahobizi eta belarriprest izan daitezen. Eta, azkenik, hizkuntza praktika horiek posible izan daitezen, babes neurri berriak hartzea.
Helburuak
Babes sozial handia behar duen ekimen kolektibo horrekin guztiarekin lortu nahi da euskaldunek euskara gehiago erabiltzeko pausoak ematea. Horrekin batera, tokian tokiko euskalgintza aktibatu nahi da. Aldi berean, entitateek euskaraz aritzeko neurriak har dezaten sustatu nahi da. Eta, azkenik, 11 egunetan hiztunen artean sortutako dinamikak Euskaraldiaren ondoren mantentzea, hau da, jendeak euskaraz hitz egiten hizketatzeko ohiturari eustea; esperientzia errepikatzea.