Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Euskaraldian parte hartzeko proposamena aurkeztu du. 11 egun euskaraz egiteko ekimenean tamaina, lurralde eta egoera soziolinguistiko desberdinetako herriak ari dira. Horietako batzuk izanen dira UEMAn elkartzen diren herriak, zeinetan herritarren % 70k baino gehiagok dakien euskaraz. Mankomunitate horretako kide dira Arbizu eta Etxarri Aranatz.
UEMAk "Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago!" proposamena aurkeztu du herri euskaldunetan Euskaraldia martxan jarri eta ekimen osagarriak gehitzeko.Euskaraldiak proposatzen duen 11 egunetako ariketa sozialaz aparte, herri euskaldunetan hamaika arlotan euskararen erabilera handitzeko proposamen praktikoak jaso ditu. UEMAko arduradunek azaldu dutenez, euskararen erabilera ohikoa den herrietan ere, badaude euskara gutxiago erabiltzen diren esparru eta funtzioak. Eta Euskaraldian horietan eragin nahi dute.
Hamaika egun, hamaika alor
Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan euskararen erabilera areagotzeko 11 alor lantzea proposatu die UEMAk bere kide diren udalerriei. Alor horietako bakoitzean hausnarketa bultzatu, hutsuneak bistaratu, jokaera eredugarriak nabarmendu eta maila pertsonal zein kolektiboan konpromisoak lantzea da proposamenean jasotzen dena.
Honako 11 arloak lantzea proposatzen da UEMAren txostnean: hedabideak; Internet, sare sozialak, telefonoa,…; lantokia edo ikastetxea, aisialdia; kalea, parkea, plaza, frontoia,…; zerbitzuak: merkataritza, ostalaritza eta gainerakoak; hornitzaileak: fakturak, jakinarazpenak,…; zerbitzu publikoak; etxeko hizkuntza; kultura: liburuak, musika, zinema, antzerkia,… eta ezina ekinez egina: zenbait bidelagun.
Hausnarketarako galderak eta ekimen proposamenak jasotzen dira UEMAk ondutako txostenean. Hura eskuratu nahi duena www.uema.eus web orria du.
Herrien egoerara moldatuta
Euskal Herri osoan batera egingo da Euskaraldia. Egoera soziolinguistiko desberdineko herrietan jarriko da martxan, beraz, 11 egun euskaraz ariketa soziala. Herriz herri antolatzeak eta tokian tokiko batzordeek protagonismoa izateak aukera ezin-hobea eskaintzen du, oinarri berdinetik abiatuta, nork bere egoerara egokitutako ariketa egiteko. Ildo horretan, UEMAk egindako proposamena interesgarria da eta proposamen berriak sortu eta zabaldu daitezen abiapuntu egokia da.