Garaipenek emandako sentsazio onekin iritsi dira gure pilotariak finalerdietara

Guaixe 2018ko ots. 26a, 10:50

Hasierako ligaxkako azken partidan irabazi egin zuten Ezkurdia eta Zabaletak eta Altunak eta Martijak. Etxeberriko pilotariak zauri txikia egin zuen besapean. Martxoaren 10ean hasiko dira finalerdiak

Binakako Txapelketako hasierako ligaxka gaur bukatuko da, Bengoetxea VI.ak eta Larunbek Urrutikoetxearen eta Galarzaren kontra Tolosako Beotibarren jokatuko duten partidarekin. Duela bi jardunaldi jakina zen zein lau biko pasako ziren asteburuan hasiko diren finalerdietara, baina azkeneko bi jardunaldiek sailkapena zehaztu eta finalerdietako parekatzeak zehazteko balio izan dute.

Hasierako ligaxkako azken partidan, 14. jardunaldian, Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Laso eta Albisu izan zituzten aurkari beteta zegoen Labrit pilotalekuan. Ongi hasi ziren sakandarrak eta 10 eta 1 aurreratu ziren. Baina hainbat akats egin zituzten eta Asegarcekoak aldea murrizten hasi ziren, 10 eta 6 hurbiltzera arte. Baina Ezkurdia dominatzen hasi zen, eta Zabaletaren laguntzarekin, 6 tanto egin zituzten segidan eta hortik aurrera abantaila ongi kudeatu zuten. Ezkurdiaren bolea ikusgarriei esker eta Zabaletaren pilotakadei esker, azkenean 22 eta 11 irabazi zuten sakandarrek. “Partida garrantzitsuak finalerdietakoak izango dira, baina sentsazio bikainekin despeditu dugu hasierako ligaxka” nabarmendu zuen Ezkurdiak.

Ezkurdia eta Zabaleta, kontentu
Izan ere, finalerdietan egoteagatik oso kontentu daude sakandarrak. “Hasieran gaizki hasi ginen, baina bigarren itzulian buelta eman genion eta horregatik sailkatu gara. Beste hiru bikote finalistak sendoak dira, ongi jokatzen dute, akats gutxi egiten dituzte. Gu, aldiz, akats gehienak egiten ditugunak gara. Baina euren mailan jartzen saiatuko gara, ea aukerak ditugun. Dena den, finalerdiak hiru partidara dira eta edozer gauza gertatu daiteke. Finean, lau bikoteek aukera berberak ditugu eta azkenera arte oso lehiatua egongo da gauza” azaldu du Zabaletak Diario de Noticiasen. Julen Martijak aurten debutatu du eta Zabaletak “bikain” ikusi dio. “Nire lagunak hasieratik partida onak egin ditu, akats gutxirekin, oso erregular ibili da eta pilota ederki astindu du” azaldu du Etxarrengoak.

2015ean, Zabaletak eta Ezkurdiak finalera sailkatzeko aukera emango zien partida galdu zuten Berasaluze II.aren eta Aitor Zubietaren kontra. Arantza hori atera eta finalera sailkatzea handia litzateke pilotari sakandarrendako. “Finalera sailkatzeak poztasun handia emango liguke. Finalerdietan ahal duguna borrokatuko gara, ea lortzen dugun” nabarmendu du Zabaletak.

Martijak zauria besaurrean
Igandean, Astelenan, Altuna III.a eta Martija Irribarria eta Merino II.aren kontra aritu ziren. Partida nahiko zurruna izan zen, akatsez betetakoa. Parez pare ibili ziren bi bikoteak. Aipatzekoa da, 20ra berdinduta zeudenean, Altuna III.ak dejada ikusgarria egin zuela, dejada azkarra zabalera, ia txapan jo zuena eta Astelenako pilota zaleak aulkitik altxarazi zituena. Azkenean, 22 eta 20 irabazi zuten Amezketakoak eta Etxeberrikoak. Julen Marijak ez zuen partida gustura bukatu, gaizki emandako pilotakada baten ondorioz, ezker besoko besaurrean zauria du. Printzipioz, hasierako ligaxkaren bukaeraren eta finalerdien lehen jardunaldiaren arteko atsedenaldian sendatuko zaiola aurreikusten dute medikuek.

Sailkapena
Gaurko partidaren emaitzaren faltan, horrela dago Binakako hasierako ligaxkako sailkapena. Elezkano II.ak eta Rezustak 12 punturekin bukatu dute ligaxka –14 partidetatik soilik 2 galdu dituzte–, Altuna III.ak eta Martijak 10 puntu bildu dituzte, Olaizola II.ak eta Imazek 7 puntu, Ezkurdiak eta Zabaletak 8 puntu, Laso-Albisuk eta Urrutikoetxea-Galarzak bosna puntu, eta Bengoetxea-Larunbek eta Irribarria-Merino II.ak launa puntu.

Finalerdiak martxoaren 10ean hasiko dira
Finalerdien lehen jardunaldiari ekin baino lehen, 15 eguneko atsedenaldia izango dute lau bikoteek. Atsedenaldiak egin edo txapelketaren erritmoarekin jarraitu, zer ote den hobe, zalantza sortzen da. Txapelketaren bukaerara nahiko justu iritsi diren pilotariei mesede egiten die atsedenaldiak, osatzeko. Baina ongi daudenendako erritmoa baretzea ez omen da ona. Gustu guztietako iritziak daude.
Finalerdietako lehen jardunaldian, Ezkurdiak eta Zabaletak Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra jokatuko dute martxoaren 10ean, Labriten. Eta Olaizola II.ak eta Imazek Altuna III.a eta Martija izango dituzte aurkari Atano III.ean.