Alaitasunak gutxi dirau… Lagun Arteak galdu eta Etxarrik berdindu

Guaixe 2018ko ots. 26a, 12:42

Preferente maila. 20. jardunaldia: Lagunak 2 – Lagun Artea 0 / San Andres 1 – Etxarri Aranatz 1

Aurreko jardunaldian garaipena lortu zuten preferente mailan dabiltzan talde sakandarrak baina asteburu honetan ez dago ospakizunetarako tokirik. Izan ere, esaldi zaharrak dioen bezala, alaitasunak gutxi dirau pobreen etxean. Ea aurtengoa, zalantzarik gabe, ez da gure taldeen denboraldirik onena, sailkapeneko behealdean baitabiltza Etxarri eta Lagun Artea.

Lagunak liderraren kontra aritzea egokitu zitzaion Lagun Arteari. Bi taldeek partida bikaina eskaini zuten. Zoritxarrez Lagunak eta Lagun Arteako jokalari bana erretiratu egin behar izan ziren, lesionatuta. Bi taldeek arriskua sortu zuten, baina lehen zatian markagailua ez zen mugitu. Bigarren zatian, aldiz, Lagunak taldeak jokoa gehiago kontrolatu zuen eta jokaldi arriskutsuagoak sortu zituen. Horrela, Pascalek eta Azconak gola sartu zuten eta 2 eta 0 irabazi zuen liderrak. Lakuntzarrak punturik gabe itzuli ziren.

Eta Lizarran, preferente mailari eusteko partida jokatu zuten San Andresek eta Etxarrik. Hasieran Lizarrakoek haratu zuten kontrola, baina ez ziren Etxarriren atera behar bezala iritsi. Aldiz, Javierrek Etxarri Aranatz aurreratu zuen, falta jaurtiketaz. Atsedenaldia baino lehen berdintzea lortu zuen San Andresek, eta bigarren zatian bi taldeek aukera politak sortu zituzten, baina baloiak ez zuen ateetara sartu nahi izan eta banako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

Lagunak da preferente mailako liderra, 39 punturekin, Infanzones taldeari puntu bat eta Donezteberi hiru puntu aterata. Lagun Artea 12.a da (21 puntu) eta Etxarri Aranatz 14.a (17 puntu). Asteburuan, Lagun Arteak San Andres hartuko du eta Etxarri Aranatzek sailkapenean zortzigarrena den San Jorge.