Sakanako Aizkora Eskola, hastear

Guaixe 2018ko ots. 27a, 14:01

Erdoziatarrak izango dira monitoreak.

Martxoaren 10ean hasi eta maiatzaren 12an despedituko da aizkoran trebatzeko Sakanako eskola. Izena ematea zabalik dago Mank-en

Aizkoran trebatu nahi duten sakandarrek aurten ere aukera badute, izan ere Sakanako Aizkora Eskola martxan hasiko da berehala. Sakanako Mankomunitateak antolatzen du eskola, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Horrela, martxoaren 10etik maiatzaren 12ra, astero aizkoran murgiltzeko aukera izango dute izena ematen dutenek. 10 eta 20 urte bitarteko neska-mutilei zuzendua dago Sakanako Aizkora Eskola, baina tokia egonez gero, helduagoak ere onartuko dira.

Etxarri Aranatzen eskainiko da aizkora trebakuntza. Juanito, Juanjo eta Migel Angel Erdozia izango dira monitoreak. Asteazkenetan, 19:30etik 20:30era, eta larunbatetan, 12:00etatik 13:00etara arituko dira aizkoraren nondik norakoak azaltzen eta erakusten.

Erraztasunak eman eta harrobia sortu
Sakanako Aizkora Eskolaren helburua, aizkoran hasi edo trebatu nahi dutenei kirol honetan murgiltzeko baliabideak ematea da. Izan ere, sarritan herri kiroletan aritzea nahiko genuke baina bertan aritzeko materialak eta baliabideak ez ditugu eskura. Gabezia horiei irtenbidea emateko sortu zuen Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, bere garaian, Sakanako Aizkora Eskola. Horrela, aizkora gustuko dutenei aizkoran hasteko beharrezkoak diren baliabideak –aizkorak, entrenatzeko tokia, enborrak eta beste– ematen zaizkie. Hasieratik arrakasta handia izan du eta urtero bertan aritzeko tokiak betetzen dira. Bestalde, Sakanako Aizkora Eskolarekin, aizkora bulkatzeaz gain, Sakanan aizkolari harrobi on bat osatu nahi da. Asko dira bertatik atera diren aizkolariak, egun txapelketetan aritzen direnak.

Izena ematea zabalik, martxoaren 6a baino lehen
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan eman behar da izena, martxoaren 6a baino lehen (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 55 euro.