Nafarroako Pista Txapelketari ekingo diote gure irristalariek

Guaixe 2018ko ots. 28a, 11:22

Sakana Patin taldekoak kimuen eta haurren mailan lehiatuko dira eta Lagunak eta Amaya taldetan dabiltzan sakandarrak jubeniletan eta seniorretan

Martxoaren 3an eta 4an Nafarroako Irristaketa Pista Txapelketa jokatuko da Txantreako patinodromoan, eta kategoria bakoitzeko lehen 10 sailkatuek irailaren 15ean eta 16an Zaragozan jokatuko diren Espainiako Irristaketa Pista txapelketan aritzeko txartela lortuko dute. Sakana Patin Irristaketa Taldetik adierazi digutenez, euren irristalariak kimuen eta haurren mailan lehiatuko dira.

Parte hartuko duten sakandarrak
Horrela, kimuen emakumezkoetan, Sakana Patin taldeko Anne Arregi, Enara Arregi, Iratxe Lapuente, Maialen Pain, Intza Unamuno eta Eukene Vazquez ariko dira, eta kimuen gizonezkoetan Oier Ormazabal eta Iker Gómez. Bestetik, haurren mailan, emakumezkoetan Maddi Goyak eta Mara Gomezek hartuko dute parte eta gizonezkoetan Yerai Goikoetxeak.

Beste talde batzuetan dabiltzan sakandarrei dagokienez, jubenilen mailan Lagunak taldean dabiltzan Ana Rita Correia, Anne Lapuente eta Unai Villalobos lehiatuko dira eta Amaya taldean dabilen Unai Baztan. Eta seniorretan, San Juan taldean dabilen Kevin Marques altsasuarra.

Irristalari sakandarrak primeran Antsoainen eta Zangozan
Otsailaren 11n Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketako III. jardunaldia jokatu zen Antsoainen eta otsailaren 17an IV. Jardunaldia, Zangozan. Irristalari sakandarrek primerako lana egin zuten bertan. Antsoainen, aurrebenjaminen mailan Enara Pérez Barrenetxea olaztiarra bigarrena sailkatu zen eta benjaminen mailan Eneko Pinto Vicente bigarrena. Eta Zangozan sari gehiago pilatu zituzten Sakana Patin Irristaketa Taldekoek. Aurrebenjaminen mailan Eneko Igoa Aboitiz etxarriarra hirugarrena sailkatu zen eta kimuen mailan bi txapelketa irabazi zituzten gure neska-mutikoek. Emakumezkoetan Iratxe Lapuente Pérez ziordiarra izan zen txapelduna eta gizonezkoetan Iker Gomez Lopez de Goikoetxea. Oier Ormazabal Ijurra bigarrena sailkatu zen.

Villalobos eta Lapuente Garikoitz Lerga selekzionatzailearekin
Otsailaren 3an eta 4an, Xixonen, eta otsailaren 10ean eta 11n, Iruñean, irristaketa teknifikazio nazionalaren jarraipena egin zuen Garikoitz Lerga Espainiako irristaketa selekzionatzaileak. Xixoneko topaketan Lagunak taldean dabilen Unai Villalobos Hernaz altsasuarrak parte hartu zuen, eta Iruñeko probetan, aldiz, talde berean dabilen Anne Lapuente Pérez ziordiarrak. Unai Villalobos ez zen egon, lesioagatik.

Kluben Arteko Liga Nazionala
Aurreko asteburuan Kluben Arteko Irristaketa Liga Nazionala hasi zen, Iruñean. Larunbatean Barañainen jokatu ziren probak, Lagunak klubeko pistan, eta igandean indoorreko probak jokatu ziren, San Juan instalazioetan.