Ekialdeko haizea

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2018ko mar. 2a, 08:11

kolaboratzaileak

Ekialde hurbilaren inguruan idazten diren berriak gudaz eta heriotzaz mintzo dira. Badirudi zenbaki, nozio eta datu orokorren azpian itzaltzen dutela sentimena. Kasu hauetan zaila da hitz hotzen bidez leku eta paisaia ezberdinak asmatzea, eta ezin dugu irudi horietan sakondu, ez ditugu lotzen. Haien atzean hauteman dezakegun paisaiak ez dira narrazioaren senean jaio, telebistan erdizka ikusi ditugun hondamendien aztarnetatik baizik. Egunkarietan utzitako esaldiek berez ezin dute ezer eraiki, eta sarri kontrakoa aurkezten digute: identitaterik gabeko hiri suntsituak.

Horregatik guda etortzen zaidanean burura hiri deseginak ikusten ditut beti, zuhaitzik eta urtarorik gabeko eremuak. Hautsa eta sua: irudi hautsiak. Sarri denbora une nahastuetan izoztu dela dirudi: tarteka mugitu eta berriz jelatzen da etengabe, errealitatea gif solteez osatua balego bezala. Zerbaitek eztanda egiten du eta irudi zatituak josiko dituen haizea ez da inon ageri.

Urteak pasa dira Edward Saidek Orientalism liburua argitaratu zuenetik. Bertan, betidanik saldu diguten ekialdearen ideia menperatzailea salatzen du. Ekialdeari buruz idatzi duten mendebaldarrek betiereko irudi finkoa eskaini digute, ekialde osoa mugarik gabeko eremu lau homogeneoa balitz bezala. Hango biztanleak berdinak dirudite, lau ezaugarrien bidez zehaztu daitekeen kultura hertsiaren parte. Eta paisaia deskribatzen denetan, bere misterio eta edertasunak ez du izaki primitibo horiekin harremanik.

Lau hitzetan zehaztu daiteke beraz giza arima, eta sinplifikatutako bazterrak, errazagoak omen dira kontrolatzen. Haizea irudietan sartzen ez den artean, transformazio oro idazten duenaren menpe mantenduko da. Eta horregatik, edo agian egunkaria irakurtzean sumatzen dudan arnas arazoengatik, berrietan falta den haizearekin gure begirada janztera gonbidatzen zaituztet: berak josi ditzala eroritako eraikinen irudiak eta esaldi hotzetan hilda jaiotzen diren hitzak. Erakusten ez digutenetan ere, munduko bazter guztietara ekartzen baitu haizeak aldaketa.