Botikak

Sakanako Gizarte Zerbitzua 2018ko mar. 2a, 08:01

kolaboratzaileak

Azken urteotan eta gaur egun, nabaria da diru eskasiak eragina izaten duela gure bizitzako esparru ezberdinetan, bizi baldintzetan, elikagaiak eskuratzerako aukeran, kontsumoan, aisialdian, etxebizitzaren mantenuan… eta baita osasunean ere; azken honekin lotuta, batetik osasunean duen eragin ezkorrengatik (estresa, ongi ez elikatzea, depresioa, isolatzea eta abar) eta bestetik botikak eskuratzeko edo erosteko ematen diren zailtasunengatik. Horregatik, eta hau ekiditeko, finantziazio publikoari lotuak dauden botiken kostua traba ez izateko, eta tratamenduekin aurrera jarrai ahal izateko, laguntza ekonomiko berria onartu zen. Diru-laguntza honen helburua da botiken prezioa oztopoa ez izatea baliabide ekonomiko gutxiago duten pertsonentzat; orain arte pentsiodunak ziren laguntza hauen onuradun bakarrak.

Hemerzortzi mila euro baino gutxiagoko errentak dituzten pertsona eta familiek (errenta aitorpeneko aurrezki eta likidazio orokorreko datua hartuko da kontutan) botikak ordaintzeko laguntzak jaso ahalko dituzte. Osasun-txartela edukitzea derrigorrezkoa da.

Tramitea, baldintzak betez gero, bakoitzari dagokion osasun etxean, Iruñeko Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan edo www.botiketarakolaguntzak.nafarroa.eus web-orrian egin daiteke; osasun txartela edo NANa eta banku-kontu bat aurkeztu behar dira. 2018ko urterako izango da laguntza. Botikak Nafarroatik kanpo edo paperezko errezetaren bidez erosi direnean fakturak aurkeztea beharrezkoa izango da. Eskaera aztertuta onartua bada, ebazpenaren bidez diru-laguntzaren berri jasoko da etxean eta hiru hilabetero egingo dute ingresoa emandako diru korrontean.

Azalpen gehiago norberaren osasun etxean edo ohiko farmazian, atencionfarmacia@navarra.es helbide elektronikoaren bidez edota 848 429687/ 848 429092 telefonoetan. Informa zaitez eta badagokizu, eskaera egin!