Altsasuko Duatloian eta Arbizuko duatloian izena emateko epea, zabalik

Guaixe 2018ko ots. 28a, 12:20

Martxoaren 17an eta martxoaren 24an jokatuko dira eta www.navarratriatlon.com web gunean eman daiteke izena

2018ko duatloi denboraldia hasi da eta martxoan burutuko dira Sakanako bi proba ezagun: Altsasuko Duatloia eta Arbizuko Duatloia. Bi probetarako izena ematea zabalik dago www.navarratriatlon.com web orrian.

VIII. Altsasuko Duatloia: NKJ eta helduak
Martxoaren 17an jokatuko da Sakana Triatloi Taldeak hainbat babesle eta laguntzailerekin antolatutako VII. Altsasuko Duatloia. Goizean, 10:30etik aurrera, haur eta gazteen Altsasuko Duatloia jokatuko da, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria, Txioka ikastolaren inguruetan. Aurre benjaminetatik hasita haurren mailara arteko probak goizez jokatuko dira. Aldiz, kadeteek eta juniorrek helduen proban jokatuko dute, arratsaldean.  

Proba nagusian, arratsaldez, 5 km korrikan, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrikan egin beharko dituzte parte-hartzaileek. Emakumezkoak 15:45ean abiatuko dira eta gizonezkoak, aldiz, 16:00etan.

Izena ematea zabalik dago www.navarratriatlon.com web gunean martxoaren 12ko 23:59ak arte. Federatuek 22 euro eta federatu gabekoek 26 euro ordaindu beharko dituzte. Probaren kronometrajea Championchip txip horiaren bidez egingo da, eta txipa ez dutenek, proba honetarako alokatu beharko dute 5 euroko prezioan. Kategoria txikikoek, haurren kategoriaraino, hau barne, ez dute ordaindu behar izango.

XXII. Arbizuko Duatloia
Arbizuko Duatloi beteranoaren 22. edizioa jokatuko da aurten, martxoaren 24an. 15:30ean emakumezkoen proba hasiko da eta 15:35ean, aldiz, gizonezkoena. Hainbat aukera daude: betiko ibilbidea (8 km korrikan, 32 km bizikletan eta 4 km korrikan), Ibilbide herrikoia,  gazteen kategoria eta paratriatletak (betiko ibilbidearen erdia) eta erreleboak bikoteka (8 km-32 km-4 km). Izena ematea zabalik dago martxoaren 19ra arte, www.navarratriatlon.com edo www.rockthesport.com  web guneetan.

Apirilaren 21ean BIZI Mendi Duatloia Altsasun
Aurten Nafarroa Oinez antolatzen duen Iñigo Aritza ikastolak BIZI Mendi Duatloia antolatu du apirilaren 21ean Altsasun. Bikoteka parte hartuko da. Lehenak 23 km osatu beharko ditu mendi bizikletan eta besteak 8 km korrikan. Izena ematea zabalik dago www.kirolprobak.com web gunean.