Andra Mari, profeta etxean

Guaixe 2018ko mar. 1a, 12:00

Nafarroako Herri Kirol Jokoen lehen jardunaldiko herri kirol proba konbinatu guztietan nagusitu zen Etxarri Aranazko ikastola. Igandean bigarren jardunaldia jokatuko da Betelun

Igandean hasi ziren 2018ko Nafarroako Kirol Jokoak. Andra Mari ikastolak hartu zuen lehen jardunaldia. Jendetza bildu zen Etxarri Aranazko ikastola berrian proba jarraitzera. Izan ere, Nafarroako 11 kirol taldeetatik sortutako makina bat talde lehiatu ziren, tartean Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolakoetakoak.

Herri kiroletan Andra Mari nagusi
Eguzkia atera zen, baina haize fina zebilen eta hotza zen nagusi. Hala ere, ilusio guztiarekin parte-hartu zuten herri kirolariek, eta lehia bizi eta ikusgarriez gozatzeko aukera izan zen. Herri kirol proba konbinatuetan etxeko taldeak, Andra Mari ikastolakoak, izan ziren jaun eta jabe. Kimuen mailako proba konbinatuan 17 talde lehiatu ziren, 5 txandatan. Andra Mari 5 izan zen txapelduna (6:58). Andra Mari 7 3.a sailkatu zen (7:11), Iñigo Aritzako Gainsol 7.a (7:23), Andra Mari 3 8.a (7:25), Andra Mari 2 9.a (7:26), Andra Mari 4 10.a (7:30), Andra Mari 6 11.a (7:31), Andra Mari 1 12.a (7:32), Iñigo Aritzako Intsusburu 14.a (7:35) eta Iñigo Aritzako Bargagain 16.a (7:43).

Haurren mailako proba konbinatuan 13 taldek jokatu zuten, lau multzotan. Andra Mari 3 talderik azkarrena izan zen (9:19), Andra Mari 2 seigarrena (10:30), Iñigo Aritza zortzigarrena (11:21) eta Andra Mari 1 bederatzigarrena (11:30). Eta kadeteen mailako proba konbinatuan lau talde lehiatu ziren eta Andra Mari izan zen onena (4 puntu) eta Iñigo Aritza hirugarrena (2 puntu).

Sokatira
Sokatiran, ordea, gauzak aldatu ziren. Haurren mailan (480 kg) 12 talde lehiatu ziren 3 multzotan banatuta. A multzoan Berriozar A izan zen finena (4 puntu), Iñigo Aritza bigarrena (3 puntu) eta Andra Mari 2 hirugarrena (2 puntu); B multzoan Andra Mari 3 nagusitu zen (4 puntu), bere taldekide Andra Mari 4-ren aurretik (3 puntu) eta C taldean Basaburua izan zen onena (4 puntu) eta Andra Mari 1 hirugarrena (2 puntu). Eta kadete mailan (540 kg) lehiatu ziren 5 multzoen artean Basaburuak eta Andra Mari 1 taldeek berdindu zuten (4,5 puntu), Iñigo Aritza hirugarrena sailkatu zen (3 puntu) eta Andra Mari 2 bosgarrena (puntu 1).

Igandean, Betelun
Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen ditu Nafarroako Kirol Jokoak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin batera. Bost  jardunaldi izango ditu, martxoaren 25eko Berroetako finala barne. Igandean Nafarroako Kirol Jokoen bigarren jardunaldia jokatuko da Betelun, goizeko 11:00etatik aurrera.