Juanjo Goikoetxea eta Imanol Armendariz Nafarroako Mendi Eskiko txapeldunak

Guaixe 2018ko ots. 28a, 13:24

Uharte arakildarra bikain dabil mendi eskian

Otsailaren 25ean Nafarroako Mendi Eski Txapelketa erabaki zen, Linzan binaka jokatutako VI. Pyrene Goi Mendi Ibilaldian. Nafarroako Txapelketari dagokienez, Juanjo Goikoetxea eta Imanol Armendariz izan ziren lehenak, Izaskun Zubizarreta eta Fermin Ilarregi bigarrenak eta Adrian Legarra eta Joseba San Román hirugarrenak. Ibai Goñi eta Fidel Jimenez laugarrenak sailkatu ziren.

Juanjo Goikoetxea laugarrena Bandres-Karolo Oroimeneko banakako proban
Otsailaren 17an eta 18an jokatu zen mendiko eskiko Bandres-Karolo Oroimenezkoa, Izaban, Euskal Herrian antolatzen den proba bakarra. Larunbaterako banakako proba iragarrita zegoen, baina eguraldi baldintzen ondorioz, kronoigoera egin zen. Guztira, 150 eskiatzaile kronoigoeran lehiatu ziren. Ibilbideak 4,5 km eta 800 m-ko desnibela zuen. Iñigo Lariz (38:58) eta Maite Maiora (45:33) izan ziren azkarrenak. Sakandarrei dagokienez, Juanjo Goikoetxea 7.a sailkatu zen (41:44), Patxi Rubio 42.a (48:59), Jose Antonio Salgado 124.a (1:08:01) eta Mikel Rubio 131.a (1:10:25).

Hurrengo egunean banakako proba jokatu zen. Antolakuntzak ibilbide dotorea prestatu zuen Keleta, Kortaplana eta Lakhura mendi-guneetatik barna, eta helmuga Roncaliako eski pistetan zegoen. Eguraldia lagun izan zuten eskiatzaileek eta proba ederra jokatu zuten. Iñigo Lariz izan zen azkarrena, bi ordu t´erdi luze eskiatzen eta korrikan eman eta gero (2:33:44). Emakumezkoetan Laura Solak irabazi zuen (3:03:00). Juanjo Goikoetxea ikusgarri aritu zen eta laugarrena sartu zen (2:39:34) eta Patxi Rubio 25. postuan sartu zen (3:06:38).