AHT ibilbide proiektua

AHTren egitasmoari 2852 alegazio aurkeztu dizkiote

Guaixe 2018ko mar. 3a, 12:08

Sustapen Ministerioaren proiektuaren kontra eta egungo trenbidea bikoiztu eta egokitzearen alde egin dute haiek sinatzen dituzten sakandarrek

Sakana Trenaren Alde taldeko eta Sustrai Erakuntza fundazioko kideak Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan izan ziren. Sustapen Ministerioak Nafarroako Abiadura Handiko Treneko (AHT) korridorea Euskal Y grekoarekin Sakanan barna lotzeko proiektuari aurkeztu zizkioten. Egitasmo horren kontrako 2.852 alegazio hain zuzen ere. Haietatik 119 Itza eta Oltzako zendeetan jasotakoak dira eta gainontzeko 2.733ak Sakanan. Aipatzekoa da sakandarrek sinatutako alegazioen % 29,3 arakildarrenak direla. Gasteizen ere pareko ekitaldia egin zen. Batzuen eta besteen artean 11.000 bat alegazio aurkeztu zituzten.

Arantza Ibargurenek eta Arturo Carreñok azaldu zutenez, aurkeztutako alegazioetan egungo trenbidea egokitzearen aldeko apustua egiten da: “Europako estandarrera moldatzea (trenbide bikoitza, hirugarren erraila, ibilbidea hobetzea.…), bidaiarien eta merkantzien garraioari prestazio handiko erantzun egokia emanez. Egungo ibilbidearen zatirik handiena bikoiztua izateko prest dago”. Alternatiba hori “merkeagoa, ekologikoagoa, iraunkorragoa eta bateragarriagoa litzateke Sakanako eta trena pasatzen den eskualdeetako herritarren bizi kalitatearekin eta haien beharrekin”.

Ukatu egin zuten AHTk “interes soziala duenik eta ekonomia-garapenaren motorra denik”. Estatuan eraikitzen ari den AHT eredua “erabateko porrota” dela dioten txosten “fidagarriak” aipatu zituzten. Ezartzen ari den eredua gizarte eta ekonomia aldetik errentagarria izateko distantzia ertaineko metropoli handien artean bakarrik dela gaztigatu zuten. Bestetik Renfe eta Adifen zorra 18.000 milioi eurokoa dela nabarmendu zuten, kopuru horretatik 15.000 AHTri dagozkiola argitu zuten. “Alegazio kopurua ikusita, nabaria da herritarrek uste dutela AHT proiektu ha ez dela egokia ez gure eskualdearendako, ez Nafarroarendako ezta estatuarendako ere”.

 

Martin Zelaia
Sustrai Erakuntza fundazioko kidea

Sustapen Ministerioaren AHT egitasmoari alegazioak aurkezteko hilabeteko epea eman du. Halako proiektu bat hilabete jendaurrean egotea nahikoa da?

Ez. Proiektu osoak zenbat orri izanen dituen ez dakigu. Agiri eta plano asko dira. Guzti-guztiak ez ditugu begiratu, ez dugu betarik izan. Guk garrantzitsuena aztertu dugu. Proiektu honen gakoak bilatu ditugu, eta zer iruditzen zaizkigun gako horiek. Gako horiek guretako ez dira batere aproposak. Horregatik, alegazioak egin ditugu.

Zuen aldetik informazio zabaltzeko ahalegina egin duzue, ezta?

Hainbat hitzaldi egin ditugu. Sakanako ia-ia herri guztietan egin ditugu. Jende asko egon da, batez ere herri txikietan. Etxarri Aranatzen 100 bat, Olatzagurian ehundik gora. Hori aurkeztu ditugun alegazio kopuruetan islatzen da. Sakanan AHTren kontra aurkakotasun handia dagoela ikusten dugu.

Sakandarren aldetik pertzepzio hori jaso duzue?

Bai. Jende asko oso kezkaturik zegoen. Hitzaldietara gauzak argitzera etortzen ziren. Lur jabeek, adibidez, alegazioak nola egin eta zer esan zezaketen galdetzen zuten.

Zer eskatzen da aurkeztutako alegazioetan?

Bizpahiru alegazio mota egon dira. Garrantzitsuena, herrikoia dena, asko zabaldu dugu. Udalen alegazioak pixka bat zabalagoak dira. Eta lur-jabeenak ere badaude. Horiek euren jabegoa ukitua dela nabarmentzen dute. Asko lortu ditugu. Gako garrantzitsuenak dira: egungo trenaren hobekuntza eta mantentzea ez dela batere aztertu. Agian gaur egungo trenbidea nahikoa izan daiteke dauden beharretarako. Ezer egin aurretik hori ongi aztertu behar da. Proposatutako egitasmoa Sakanarendako os kaltegarria dela ikusten dugu. Ibarra azpiegituren korridore hutsa besterik ez da izanen: AHT, trenbidea, autobia, errepidea, goi tentsioko lineak. Natur parkeak ere ukitzen ditu, ez zuzenean, baina bai haiek lotzen dituzten tokiak. Pasabide horiek fauna nahasteko oso garrantzitsuak dira.

Eta Sakanako erakundeek zein jarrera izan dute?

Oso ona. Ia-ia hitzaldi guztiak udalek antolatu dituzte. Gurekin oso ondo portatu dira. Alegazioen bilketaren parte izan dira. Sakanako ia herri guztiak gure alde daude, Altsasu salbu; AHTren aldeko mozioa onartu duena.

Alegazioak eman eta gero zer?

Zer eginen dugun pentsatzen hasi gara; hau ez da hemen bukatzen. Bi hanka izanen ditu: guk hemen Sakanan prestatuko ditugunak, mendi-martxak, hitzaldiak edo; eta Nafarroan eginen direnak. Nafarroan hainbat talde antolatzen eta biltzen ari dira komunean zer edo zer antolatzeko helburuz. Udaberri-udarako litzateke. Handik, ziur, hainbat mendi-martxa aterako dira, Tafalla aldean, Iruñerrian eta Sakanan. Tren ibilaldi bat, geltoki bakoitzean ekitaldi bana eginez eta guztia grabatzen. Garila aldera bizikleta martxa izanen litzateke. Guztia zehaztu eta onartu gabe dago oraindik. Sakanan gauzak gehituko ditugu. Sakandarrekin hitz egin nahi dugu, konbentzitu. Nahikoa konbentzituta dago. Baina herri handietan, Altsasun, edo Iruñean ere, jendeak ez du hau ikusten. Lanak hasten direnean ikusiko dute eta orduan mugituko dira. Altsasun adibidez, oso mantso egon da jendea.

Alegazioen ebazpenak noizko?

Normalean kostatzen da; urte bat edo bi. Proiektu honekin azkar joan nahi dutela pentsatzen dugu. Ikusten ari gara, adibidez, bai Nafarroako bai EAEko EAJ Madrilen PPrekin aurrekontuak negoziatzen ari dela. Aurrekontuei onespenarekin AHT ekarri nahi dute. Pentsatzen dugu agian hau azkar joanen dela eta urte batean zerbait esanen dutela. Ministroak esan zuen urte bukaerarako proiektu hau ona edo txarra den jakinarazi nahi dutela. Ordurako alegazioak erantzun ditzakete.

Eta lanak hasteko datarik badute?

Zaila da esatea. Urte akaberan alegazioak erantzuten badituzte eta ingurumen baimena lortzen badu, hurrengoa eraikuntza proiektuak egitea da. Hori 2019an egiten hasiko lirateke. Bi urte edo kostatuko litzaieke. Baina hor ere azkartuko dute, horregatik, hemendik bi urtera lanak has daitezke.

Bitartean Sakana Trenaren Alde taldekoak biltzen segituko duzue?

Bai. Astelehenero, 19:00etan, LABek Altsasun duen egoitzan. Bilkura tokian behin behinekoa da eta ziurrenik tokiz aldatuko dugu. Ateak zabalik daude.

Alegazioak herrika
Arakil 801
Irañeta 51
Uharte Arakil 122
Arruazu 54
Lakuntza 210
Arbizu 116
Etxarri Aranatz 252
Bakaiku 131
Iturmendi 85
Urdiain 59
Altsasu 199
Olatzagutia 305
Ziordia 94
Erakundeek eta banakoek 254
Itzako zendea 111
Oltzako zendea 8
Guztira 2852