Sustapen ministro Iñigo De la Sernak atzo esan zuen Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) korridorea 2023rako egina egonen dela. Data hori “handinahia” dela aitortu zuen ministroak berak. Azpiegitura horren jarraipena egiten ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren jarraipen batzordearen bileraren ondoren egin zituen adierazpenak. Ministroak aurreratu zuen Castejon eta Iruñea arteko ibilbideko lanak azkartzeko hainbat tramitazio azkartuko dituela. Zaragozarekin eta Euskal Y-arekin loturak nola eta noiz eginen diren ez zuen zehaztu.
UPNko buru Javier Esparzarendako “Nafarroarako albiste bikaina da” De la Sernak iragarritakoa. “Ministroak Nafarroarekin dituen konpromisoak betetzen segitzen du”. PPko Ana Beltranek, berriz, Espainiako Gobernuak Nafarroarekin dituen konpromisoak betetzen dituela gaztigatu zuen.