Hondakindegiko zati bat itxi eta berria egokitzeko lanen deialdia

Guaixe 2018ko mar. 2a, 10:14

Sakanako Mankomunitateak Arbizuko hondakindegian industriako hondakin bizigabe ez arriskutsuak gaur egun botatzen duen tokia itxi eginen du. Eta horrekin batera beste berri bat zabalduko du hondakindegiaren eremu berean. Azken hori zortzi urteko zerbitzua emanen die ibarreko enpresei. Lanak egiten interesa duten enpresek euren eskaerak martxoaren 17ko 15:00ak arte aurkeztu ditzakete. Aurrekontua 1.555.062,01 eurokoa da eta eskaintza onuragarrienari emanen zaio lana.

Egungo hondakindegiaren 32.280 metro karratu itxiko da. Lan horietarako Ziordiko Aralur enpresan zenaren inguruan dauden hondakin begetalen 7.000 metro kubiko erabiliko dira. Esan bezala, industriako hondakin ez arriskutsuak eta konpostatze prozesuan sortutako errefusa jasotzeko toki berria eginen da. Hura igarazgaitz bihurtzeko “plastiko” bereziekin batera 50 cm-ko buztin geruza jarriko da. Buztin hori hondakindegitik gertu dagoen Arbizuko partzela batetik aterako dute. Lixibiatuak jasotzeko, haiek punpatzeko tresna eta eramateko hoditeria jarriko dituzte. 22.000 metro karratu izanen ditu eta 98.000 metro kubiko hondakin jasotzeko ahalmena izanen du.Hondakinak jasotzeko toki berri horrek 10 urtez erabiltzeko aukera izanen da, bataz beste, urtero 9.000 metro kubiko jasotzea aurreikusten baita.

Europak hala eskatuta hondakindegi guztiak itxi behar dira eta Arbizukoa ixteko aurreneko asmoa 2010ekoa da. Baina finantza krisiak Nafarroako Gobernua dirurik gabe utzi zuen eta guztia atzeratu zen. Foru administrazioak legegintzaldi honetan heldu dio asmo horri.