Irati Irigoien Espainiako txapeldunordea

Guaixe 2018ko mar. 1a, 15:12

Junior mailako Espainiako Txapelketan zilarrezko domina lortu du urdiaindarrak eta aurten Turkian jokatuko diren Mundialetarako sailkatzeko aukera du

Asteburuan junior mailako Espainiako Taekwondo Txapelketa jokatu zen Cordoban. Altsasuko Bargagain taldeko Irati Irigoien urdiaindarrak sorpresa eman zuen eta bigarrena sailkatu zen, puntuazio bikaina lortuz eta zilarrezko domina kolkoan jantziz. Sekulako emaitza da hori Bargagain bezalako klub txiki batendako. Baina kontua ez da hor bukatzen, Irati Irigoienek aurten jokatuko diren Turkiako Taekwondo Mundialetan parte hartzeko aukera duelako. “Espainiako txapelketan urrea lortzen duena Mundialetarako sailkatzen da zuzenean. Eta Cordobako txapelketan errusiar batek irabazi zuen, Anastasia Ignatievak. Bera estatuko talde batekin lehiatu zen, baina bere nazionalitatea errusiarra dau eta, hortaz, ezingo luke Mundialetan Espainia ordezkatu. Horrela, zilarra –Irati Irigoien–, eta brontzezkoa –Elena Torre– lortu zutenen artean aukeratu beharko du federazioak, eta hori hemendik bi astera Holandan jokatuko den txapelketa batek erabakiko du” adierazi digu Bargagain Taekwondo taldeko presidente Beatriz Fernandezek.

Holandan erabakiko da
Izan ere, hemendik bi astera Holandak taekwondo txapelketa bat hartuko du, mundialetarako sailkatzeko puntuatzen duena. “Iratik mundialetarako sailkatzeko aukera izanen luke Holandan. Ez dago irabaztera derrigortuta, soilik puntuazio ona egitearekin, puntuak gainditzearekin, nahikoa luke. Hori oso handia da berarendako eta baita gure klubarendako ere. Baina Holandako egonaldi hori gure gain hartzeko laguntza behar dugu. Irati Irigoien eta Gerardo Montero irakaslea joango dira Holandara eta Bargagain klubaren izenean lehiatuko dira. Kontua da gure klubak ezin duela egonaldi hori bere osotasunean bere gain hartu. Horregatik, hainbat entitaterekin jarri gara harremanetan –Altsasuko Udala, Sakanako Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua…– diru-laguntza eskatzeko” nabarmendu du Fernandezek, edozein laguntza “oso ongi etorria” litzatekeela gaineratuz.

“Honek guztiak sorpresaz hartu gaitu. Iratik Espainiako Txapelketetan lan ona egingo zuela jakitun ginen, baina zilarrezkoa lortuko zuela ez genuen espero. Gainezka gaude, baina oso kontentu. Eta Iratik errekonozimendu hori merezi du, izugarri lan egiten duelako eta neska bikaina delako” nabarmendu du Fernandezek. Bargagain klubeko presidenteak azpimarratu du azkeneko emaitzek Bargagain kluba “bide onetik” doala erakusten dutela. “Azken urtetan lan asko egin dugu. Gerardo Montero Rivera irakaslearekin oso gustura daude gure neska-mutilak eta taldekide guztiak, eta emaitzak primerakoak dira, bai txapelketetan, eta baita maila pertsonalean ere. Izan ere, guztien arteko harremana oso estua da; ia familia bat osatzen dugu. Aste Santuan ere, aurreko urtean bezala, taekwondo egonaldia antolatu dugu Lekarozen eta bertara joateko irrikiz daude taldekideak. Oso kontentu gaude” aipatu du.

Kluba, goraka
Altsasuko Bargagain taekwondo taldean aurten 80 pertsona inguru trebatzen ari dira arte martzial horretan, helduen taldea eta eskola kontuan hartuta. Azken urteetan gora egin dute ikasleek.
Taekwondoa mundu bat da, bizitzeko modu bat. Borroka baino askoz ere gehiago da. Gainontzekoekiko errespetua sustatzen duen arte martziala da. Psikomotrizitatea, diziplina, errespetua, autonomia, osasuna… horren garrantzitsuak diren baloreak lantzen ditu. “Pozik nago. Jendez betetako klaseak ematea gustatzen zait, klase dinamikoak. Gurea talde anitza da. Lehiaketetan aritzen den taldea dugu, baina baita ere soilik kirola egitera etortzen direnen taldea ere. Eta lehiaketetan, Espainiako Txapelketetan parte hartzen dugu eta emaitza onekin, gainera” adierazi digu sarritan Gerardo Montero Rivera irakasleak. Irati Irigoienen lorpena da azkenekoa.