Kluben arteko erakustaldia bihar Olaztin

Guaixe 2018ko mar. 2a, 13:04

Iskiza Sakana, Sutegi, Errotxapea, Agurain eta Araia klubetako 100 gimnasta inguruk hartuko dute parte, larunbatean, 10:30ean, Erburua kiroldegian

Olaztik gimnasia erritmikoko erakustaldia hartuko du bihar, larunbatean, goizeko 10:30etik aurrera, Erburua kiroldegian. Iskiza Sakana taldeko monitore Olaia Agirrek aipatu digunez, guztira 100 gimnasta inguru ariko dira, adin guztietakoak. Iskiza Sakana, Sutegi, Errotxapea, Agurain eta Araiako klubetako gimnastak izanen dira taldeen arteko erakustaldian parte hartuko dutenak.

Agirrek gaineratu duenez, lauzpabost urte izango dituzte gimnastarik gazteenak eta 16-17 urte nagusienak. “Denetariko koreografiak ikusteko aukera izango dugu. Gimnastak banaka eta taldeka ariko dira, eta aparatu guztiak erabiliko dituzte. Ikuskizun polita izango da”. Martxoaren 17an Nafarroako Banakako Gimnasia Erritmikako Txapelketako lehendabiziko jardunaldia jokatuko da Mendillorrin, eta biharko Olaztiko erakustaldia entrenamendu bikaina izango da txapelketarako. Erakustaldi polita izango denez, Olaztira gerturatzeko gonbita egin du Iskiza Sakanako monitoreak.

Egun Sakana Iskiza Gimnasia Erritmikako taldean 45 gimnasta inguru trebatzen dira, 20 eskola taldean eta 25 txapelketen taldean. Olaia Agirre, Cristina Nuncio, Maria Remolina, Ainhoia Imaz eta Olaia Granizo dira monitoreak.