Mank-en aurrekontua 7,7 milioikoa izanen da aurten

Guaixe 2018ko mar. 2a, 08:39

Ur eta hondakin zerbitzuetako inbertsioak eginen dira aurten. Berdintasun teknikaria kontratatuko du ere

Sakanako Mankomunitateak aurten 7.714.468,2 euroko aurrekontua izanen du aurten, joan den urtean baino milioi bat gehiago. Hala  onartu zen otsailaren 22an egindako batzarrean. David Oroz Alonso presidenteak  jakinarazi digunez, "diru sarrerak ez dira aldatu. Baina hainbat lan sartu direlako egin du gora aurrekontuak. Haiek egiteko diru-laguntzak ditugu".
Lanen berri eman aurretik Orozek jakinarazi digu emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna landuko duen teknikari bat kontratatuko dutela. Horretarako 10.000 euro jarri dituzte. Altsasuko Udaleko teknikariarekin koordinatuta lan eginen duela jakinarazi digu.

Lanak
Ur Zerbitzuan hiru lan aurreikusten dira. Batetik, ur sareko ihesak atzemateko inbertsioa eginen da, 10.000 euro. Uraren behe-hornidurako lanetarako 178.000 euro jarriko dira,  gehiena Lakuntzan eta Arbizun berrituko diren sareak pagatzeko. Bestetik, Iribasgo iturburutik Irurtzunera arteko ur sarea konpontzeko 535.449 euro bideratuko dira. Heldu den urtean  Urdalurko ur sarea Satrustegitik aurrera luzatzeko lanak eginen dira.

Hondakin bilketako Zerbitzuan  gaur egun tramitean dauden hainbat lan urtean zehar egiten hastea aurreikusten da. Batetik hondakindegia egokitzeko lanak (ikus aldamenean), hondakindegian bertan konposta egiteko planta eta Altsasuko eta Ziordiko garbiguneak. Horietako aurrenak 310.773,02 euroko aurrekontua du. Bigarrenak, berriz, 57.000 euro. Toki Azpiegitura Planetik Mank-ek bi lan horietarako 56.082 euro jasoko ditu eta gainontzekoa Nafarroako Hondakinen Partzuergoak ordainduko du. Azkenik, kamioi bat erosteko 135.000 euro bideratuko ditu.

AHT eta konposta
Sustapen Ministerioak proposatu duen Abiadura Handiko Trenaren ibilbideak Arbizuko hondakindegiaren ondoan egitekoa den konpost planta hartzen du bete betean. Egungo hondakindegiko eremuaren iparraldean egitekoa da Mank azpiegitura hori. Horretarako, Arbizuko Udalarekin hitzarmena sinatuta du.

Orozek azaldu digunez, Nafarroako Gobernuari egoeraren berri eman diote eta diru-laguntza mantenduko duela ziurtatu du. Bitartean, kokapen berria zein izan litekeen aztertzen ari dira Mank-en. Horregatik guztiagatik AHT egitasmoari alegazioa aurkeztu dio Mank-ek.  

Konpost plantak 855.848,92 euroko aurrekontua du. Toki Azpiegitura Planeko 565.850,53 eurorekin, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko 141.462,63 eurorekin eta Ingurumen Ministerioaren Pima diru-laguntzako 148.553,76 eurorekin pagatuko da.