Asteburu honetan, lehen Xabierraldia

Guaixe 2018ko mar. 2a, 14:43

Larunbatean askok Noain eta Zangoza arteko tartea eginen dute oinez, igandean Zangozatik Xabierko bidea osatzeko. Etzi goizeko 10:00etan hasiko da Xabierko meza jendetsua

Kristau nafarren erromesaldirik handienak, Xabierraldiak iritsi dira. Xabierrera iristea, hori da kristauen helmuga. Lehenengo Xabierraldia asteburu honetan ospatuko da, eta, bigarrena, hurrengo asteburuan, martxoaren 10ean eta 11n.  

Lehengo Xabierraldian toki askotatik abiatuko dira erromesak, Sakanatik baita, baina ibiltari gehienek larunbat goizean Noaindik hartuko dute bidea, Zangozara iristeko. 17:00etan izango dute, Zangozan, ongi etorriko meza. Bertan gaua eman eta, hurrengo goizean, Xabierrera abiatuko dira. Goizeko 8:00etan abiatuko da gurutze-bidea Zangozatik, eta goizeko 10:00etan hasiko da Xabierko gaztelu pareko zabalguneko meza erraldoia.

Iruñeko eta Tuterako artzapezpikutzak aurtengo 77. Xabierraldirako Zeren bila zabiltzate? leloa aukeratu du. Bi berrikuntza izango dituzte aurtengo Xabierraldiek: 5 kubo erraldoi eginen dituzte, Xabierko Frantziskoren misioak eta nafar misiolarien irudiak eta testuak gizarteratzeko. Eta, bestetik, asteburu honetan burutuko den lehen Xabierraldian Lampedusako Gurutzeak hartuko du parte.

Grazia bederatziurrena ospatzen da egunotan eta horren barruan kokatzen dira Xabierraldiak. Aipatu bi Xabierraldiez gain, eskualdekako erromesaldiak egiten dira Xabierrera. Horrela, martxoaren 6an, asteartean, mendialdetik, tartean Sakanatik, Xabierrera joko dute fededunek. Egun horretan meza elebiduna izaten da.

Datuak
Aurreko urtean 15.000 pertsonek hartu zuten parte lehen Xabierraldian eta 20.000 pertsonek bigarrenean. Horretaz gain, 84.000 erromes sartu ziren Xabier gaztelua bisitatzera. Aurten antzeko kopurua espero dute. Guztia ongi ateratzeko, 700 boluntario inguru ariko dira lanean. Horietatik 500 misio delegazioetatik datoz, eta gainontzekoak Gurutze Gorria, Remer. Babes Zibila, DYA, Masajes Hera eta Asvonatik. Halaber, Foruzaongoak, Zangozako Udaltzainek eta Guardia Zibilek ere laguntza ematen dute.