Lagun Arteak eta Etxarrik irabazi

Guaixe 2018ko mar. 5a, 08:13

Preferente maila. 21. jardunaldia: Lagun Artea 1 – San Andres 0 / Etxarri 3 – San Jorge 0

Asteburuan preferente mailako 21. jardunaldia jokatu da eta jardunaldi bikaina izan da gure taldeendako. Lagun Arteak sailkapenean airea hartzea ahalbideratu dion garaipen garrantzitsua lortu zuen Itxesalden. Lizarrako San Andres taldea hartu zuen lakuntzarrek, eta tentsio handiko partidan, azkenean 3 puntuak Lakuntzan geratu ziren. Partida hasi eta 8 minutura, San Andreseko Mbayek akatsa egin zuen eta baloia alderatzera zihoanean, nahi gabe bere ate propioan sartu zuen. Horrela, Lagun Arteak gol bateko errentarekin ekin zion partidari. San Andres Lagunen atera iritsi zen, baina ez zuen baloia sartzea lortu. Bigarren zatia lasaiagoa izan zen lakuntzarrendako. Azkenean, sufrituta, garaipena lakuntzarrendako izan zen.

Bestalde, Etxarri Aranatzek San Jorge hartu zuen San Donato zelaian. Etxarrik dominatu zuen hasieratik eta gol aukerak sortzen hasi ziren etxarriarrak. Horrela, Alainek eta Garatek sartutako golei esker, atsedenaldira bi goleko errentarekin joan zen Etxarri. Bigarren zatian San Jorge saiatu zen, baina Etxarrik ongi eutsi zien erasoei. 66. minutuan Garatek hirugarrena sartu zuen. Etxarrik beste aukera argi batzuk izan zituen, baina, azkenean, 3 eta 0-ko markagailuarekin despeditu zen lehia. Garaipen garrantzitsua da Etxarrirendako, preferente mailari eusteko helburua gauzatzeko.

Sailkapenean Lagunak taldeak eusten dio lidergoari (42 puntu), Infanzones puntu batera eta Doneztebe 4 puntura dituela. Lagun Artea 12.a da, 24 punturekin, eta Etxarri Aranatz 13.a, 20 punturekin. Asteburuan San Jorgeren kontra ariko da Lagun Artea, eta Ardoi B izango du aurkari Etxarri Aranatzek, arerio zuzena.