Nafarroako Pista Txapelketako dominak Lapuente, Baztan eta Fernandez sakandarrendako

Guaixe 2018ko mar. 6a, 10:41

Nafarroako Pista Irristaketa Txapelketan bikain ibili dira irristalari sakandarrak

Txantreako patinodromoak Nafarroako Irristaketa Federazioak antolatutako Nafarroako Pista Irristaketa Txapelketa hartu zuen asteburuan. Bertan Sakana Patin irristaketa taldean eta Nafarroako beste irristaketa talde batzuetan lehiatzen diren sakandarrek hartu zuten parte. Egia esan, irristalari sakandarrek kontentu egoteko arrazoi asko dituzte, 3 irristalari sakandarrek 9 domina lortu baitzituzten.

Kimuen emakumezkoen mailan Iratxe Lapuente Perezek 300 m esprintean urrezko domina lortu zuen, 1.500 m linean zilarrezkoa eta 3.000 m puntuetan, aldiz, brontzezkoa. Gizonezkoen junior mailan Unai Baztan Abanses altsasuarrak 500 m esprintean zilarrezko domina eskuratu zuen, 1.000 m esprintean brontzezkoa, 5.000 m kanporaketan zilarrezkoa eta 10.000 puntu kanporaketan zilarrezkoa. Eta, bukatzeko, gizonezkoen senior mailan, Ioseba Fernandez iturmendiarrak bi urrezko domina jantzi zituen, 500 m esprintean eta 1.000 m esprintean irabazi eta gero.

Sakanan irristaketa pista izatearen beharra
Sakana Patin irristaketa taldeak Sakanan irristaketa pista izatearen beharra aldarrikatzen du aspalditik. Taldeak dioenez, makina bat irristalari sakandarrek beste talde eta klubetara jo behar izaten dute bertan entrenatzeko pistarik ez dagoelako. “Irristaketan 35 urte baino gehiago lehiatzen daramatzate sakandarrek, eta irristaketan behar bezala aritzeko eta entrenatzeko Sakanan irristaketa pista bat egotea behar beharrezkoa da. Horrela, gure irristalariak kategoria nagusietara iristerakoan beste klubetara joatea ekidingo genuke. Zenbat domina gehiago irabazi behar dituzte gure irristalariek Sakanan kirol hau aintzat hartzeko?” diote Sakana Patin taldeko ordezkariek.

Sakana Patin taldeak pista egiteko aurreproiektua dauka prest. Pista estalia izanen litzateke, eta irristaketaz gain, beste hainbat kirol egiteko aukera emanen luke –tenisa, areto futbola, hockey, saskibaloia, txirrindularitza…–. Nonbait, Altsasuko alkatearekin hitz egin dute eta Dantzalekuko hareazko zelaian pista egiteko udalak ez luke arazorik jarriko. Baina pista egiteko beste entitate batzuen laguntza eskatzen du Sakana Patin taldeak, Sakanako Mankomunitatea eta Nafarroako Gobernua besteak beste.