Palmondo olioa, azkeneko eztabaida

Guaixe 2018ko mar. 9a, 08:02

kolaboratzaileak

Azkeneko hilabeteetan palmondo olioaren erabilerak eztabaida sortu du, batez ere, komunikabideetan. Dieta osasuntsu baterako komenigarria ez bada ere, produktu hau ez da arriskutsua eta elikagai-segurtasun ikuspuntutik ez dago arrazoirik olio hau debekatzeko, Elikagaien Segurtasunaren Espainiako Agentziaren arabera.

Baina, egia da palmondo olioak kolesterola areagotu dezakeela eta arteriosklerosia eta gaixotasun kardiobaskularrak sustatu. Jatorri begetala du eta ia %50 gantz-azido aseak ditu. Kontsumitzaileek gehiegi ezagutzen ez duten osagarria bada ere, elikagai askotan aurkitzen da.

Europar Batasunaren etiketei buruzko egungo araudiak, 1169/2011 Araudia, argi ezarri zuen “landare-gantzak” adierazpen zehaztugabea saihestu eta olio eta gantzen jatorria zehaztu behar dela. Adierazpen horrek jasotzen duen olioetako bat palmondo olioa zen, hain zuzen ere.

Olio hau, kosmetika-produktu eta biodieselean ere erabiltzen dena, prest dauden janari, izozki, saltsa, margarina, gaileta, opil, pizza, txokolate edo aperitibo askotan aurki daiteke.

Besteak beste, oso ekonomikoa delako erabiltzen da hainbeste. Prezio honek arrazoi sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak ditu, produktu honen aurka dauden askok agerian jartzen duten moduan.

Kalkuluen arabera, europar biztanle batek kontsumitzen duen oliba-olio litro bakoitzeko, palmondo olio 60 litro kontsumitu ditu. Kontsumo maila hau oso kaltegarria izan daiteke eta epe luzean zirkulazio-arazo eta arazo kardiobaskularrak sor ditzake.