Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herriko beste 42 toki administraziorekin batera antolatutako kanpaina da Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO). Euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina horrekin bat egin du Sakanako Mankomunitateak, sakandarren artean “irakurketaren plazera" sustatu eta "plazer hori opari bihurtuta partekatzeko".
IGO kanpainan parte hartzeko lehen lehenik liburutegira joan behar da. Han euskarazko liburu bat aukeratu, etxera eraman eta hura irakurriz gozatu egin behar da. Liburua irakurri ondoren, liburutegira bueltatu eta irakurle-fitxa emanen du liburuzainak. Liburuari buruzko iritzia han idatzi eta trukean erosketa txekea jasoko duzu.
Txartel horrekin ibarreko liburu-dendaren batera joan eta han, txekea erabiliz, liburu bat % 35 merkeago erosteko aukera izanen da. Kanpainako azken pausoa liburua oparitzea da: senide, lagun, lankideren bati… Edo, mereziz, gero nork bere buruari. Kontua da euskaraz irakurriz gozatzen segitzea.