Gimnasten lanarekin liluratuta

Guaixe 2018ko mar. 9a, 10:57

Olaztiko Erburua kiroldegiak kluben arteko erakustaldia hartu zuen. 100 gimnasta inguru aritu ziren eta koreografia ederrak eskaini zituzten

Iskizan Sakana, Sutegi, Errotxapea, Agurain eta Araia gimnasia erritmikako klubetako 100 gimnasta inguruk sekulako erakustaldia egin zuten larunbatean Olaztiko Erburua kiroldegian. Lauzpabost urtetatik hasi eta 16-17 urte bitarteko neskek eskainitako koreografia ederrekin gozatu ederra hartu zuten Erburuan bildu ziren zaleak. Banaka, taldeaka eta gimnasiako aparatu guztiak erabiliz, ikuskizun ederra eskaini zuten.

Martxoaren 17an Nafarroako Banakako Gimnasia Erritmikako Txapelketako lehendabiziko jardunaldia jokatuko da Mendillorrin, eta Olaztiko erakustaldia entrenamendu bikaina izan zen bertan arituko diren gimnastendako. Tartean lehiatuko dira Iskiza Sakana taldekoak. Iskiza Sakanan 45 gimnasta inguru trebatzen dira, 20 eskola taldean eta 25 txapelketen taldean. Olaia Agirre, Cristina Nuncio, Maria Remolina, Ainhoia Imaz eta Olaia Granizo dira monitoreak.