Binakakoa: azken txanpa hastera doa

Guaixe 2018ko mar. 9a, 12:39

Ezkurdiak eta Zabaletak Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari bihar Labriten eta Altuna III.ak eta Martijak Olaizola II.a eta Imaz etzi Atano III.ean

Asteburu honetan Binakako Txapelketako finalerdien lehendabiziko jardunaldia jokatuko da Labriten eta Atano III.ean. Hortaz, orain arteko hasierako ligaxkan gertatutakoa alde batera utzi, eta 0tik hasiko dira finalerdietara sailkatu diren lau bikoteak: Elezkano II.a-Rezusta, Altuna III.a-Martija, Olaizola II.a-Imaz eta Ezkurdia-Zabaleta. Ikusmina handia da eta salduta daude jokoan dauden bi partidetako sarrera guztiak.

Labriten, partida "oso gogorra" espero dute
Ezkurdiak eta Zabaletak horren ongi doakien Labrit pilotalekuan jokatuko dute, Elezkanoren eta Rezustaren kontra. Zaleak alde izango dituzte sakandarrak, baina hori eta gehiago beharko dute finalerdietako lehen puntua lortzeko. Hasierako ligaxkan elkarren kontra aritutako bi partidak Elezkanok eta Rezustak irabazi zituzten; lehenengoan, 6 tantotan utzi zituzten Ezkurdia eta Zabaleta, eta, bigarrenean, aldiz, soilik tanto baten aldearekin irabazi zuten, 22 eta 21.  

Asteazkenean material aukeraketa egin zuten bi bikoek, eta partida jokatzeko "gogotsu" daudela onartu zuten. Sekulako loreak bota zizkieten elkarri. "Finalerdiak hasteko gogoz gaude. Optimistak gara eta lehendabiziko garaipena lehenbailehen lortu beharra dago" aipatu zuen Zabaletak. Ezkurdiak hasierako ligaxka "sentsazio onekin" despeditu zutela nabarmendu zuen. "Fisiko aldetik eta eskuetatik ongi bukatu genuen. 15 egun hauetan bi entrenamendu gogor egin ditugu eta ongi gaude" gaineratu zuen arbizuarrak. Rezusta izan zuten hizpide sakandarrek. "Sekulako maila ematen du beti. Gu denetarako prest atera beharko gara kantxara, partida oso gogorra izango delako" adierazi zuen Zabaletak. Ezkurdiak, atzelarien jokoak partida baldintzatu ahalko duela gaineratu zuen. "Beñat atzelari onenetakoa da eta pilotari erregularretakoena. Eta Jose Javier, ongi dagoenean, sekulako figura da eta gozamena da berarekin jokatzea. Nik pilota txarrak kentzen saiatuko naiz, pilota onak berari uzteko. Beldurrik gabe sartu beharko naiz jokora. Finalerdietan 3 partidara erabakiko da guztia eta akatsen margena txikia da" aitortu zuen arbizuarrak.

Bere aldetik, Elezkanok eta Rezustak ustez faborito nagusiak direnaren ideia kendu nahi izan zuten gainetik. "Bikote sendoenaren kontra ariko gara. Tanto asko dominatu egingo dituzte euren jokoarekin eta guk gure aukerak probestu beharko ditugu" nabarmendu zuen Danel Elezkanok. Bestalde, Rezustak 15 eguneko atsedena "eskua errekuperatzeko oso ondo etorri zaiola" onartu zuen. "Zabaleta kolpe gogorrena duen pilotaria da. Oso zaila da beraren kontra jokatzea eta beti errespetuz jokatzen dut. Baina onenen kontra jokatzeak asko motibatzen nau"
aitortu zuen.

Altuna eta Martija: “hemen egoteagatik meritu handia dugu”
Hurrengo egunean, igandean,  ikuskizuna Donostian izango da, Atano III.ean. Olaizola II.a eta Imaz izango dituzte aurkari Altuna III.ak eta Martijak. Etxeberriko atzelariak zauritxo bat egin zuen Binakako hasierako ligaxkako azkeneko jardunaldian, besondoan, baina ordutik izan duten atsedenalditxo honetan guztiz osatuko zitzaiola aurreikusten zen. Berdinduta iritsi dira finalerdietara bi bikoak. Hasierako ligaxkako joaneko partidan 22 eta 20 irabazi zuten Olaizolak eta Imazek; aldiz, itzuliko partidan 13 eta 22 gailendu ziren Altuna III.a eta Martija, partida ikusgarrian. Ea igandekoa azken partida horretakoa bezalakoa den.

Ostegunean material aukeraketa egin zuten Atano III.ean eta aurkeztutako materialarekin gustura azaldu ziren lau pilotariak. Antzeko pilotak dira guztiak. Altuna III.ak azaldu zuen Olaizolaren kontra jokatzea pizgarria dela berarendako. “Txikitatik ikusi diot jokatzen eta bere kontra aritzea motibagarria da. Beraren kontra jokatzeko gogo asko ditut” adierazi zuen Amezketako pilotariak. Altuna III.ak Julen Martijarekin duen komunikazio bikaina nabarmendu zuen. “Hasieratik gustura sentitu naiz Julenekin eta uste dut bera ere ongi sentitzen dela. Zerbait gaizki egiten dudanean, esaten dit. Hori erakutsi zidan Abel Barriolak iaz, berari lagundu behar niola halako gauzak esaten. Eta Julenek hori egiten du. Egia esan, hemen egoteagatik meritu handia dugu” aitortu zuen Altuna III.ak.

Ikuskizuna hastera doa eta onena opa diegu pilotari sakandarrei.