Lehenengo puntuak ihes egin die sakandarrei

Guaixe 2018ko mar. 12a, 11:52

Ezkurdiari eta Zabaletari 18 eta 22 irabazi zieten Elezkano II.ak eta Rezustak eta Altuna III.a eta Martija 17 tantotan utzi zituzten Olaizola II.ak eta Imazek

Binakako Pilota Txapelketako finalerdietan gauzak ez dira ongi hasi gure pilotariendako. Pilotari sakandarrek ezin izan dute punturik bildu eta igandean, Eibarren, elkarren kontra aritu beharko dute Ezkurdia-Zabaletak eta Altuna III.a-Martijak, biak urrezko puntu horren faltan. Aurretiazko finala izango da jokatu beharko dutena.

Labriten, Elezkanok erabaki zuen
Finalerdietako lehen jardunaldian, larunbatean Elezkano eta Rezusta izan zituzten aurkari Joseba Ezkurdiak eta Zabaletak. Labrit pilotalekua beteta zela, partida gogorra izan zen lau pilotariek eskaini zutena. Emozioa eta tentsioa ziren nagusi goraino beteta zegoen Bomboneran. Apustuak Elezkano II.aren eta Rezustaren alde atera ziren, 100-60ri.

Atzeko koadroetan, oreka izan zen nagusi. Jose Javier Zabaleta ikusgarri aritu zen; partida handia egin zuen etxarrendarrak, baina Rezustak, agindu ez arren, bikain eutsi zion. Horrela, aurrealdean erabaki zen partida eta Elezkano Ezkurdia baino hobeto aritu zen. Hamar tanto egin zituen, eta bakarra galdu. Ezkurdiak zazpi tanto egin zituen eta bi galdu zituen. Nahiz eta Ezkurdiak eta Zabaletak partida dominatu, Elezkanok eta Rezustak lortu zuten garaipena.

Nolanahi ere, partida hasieran sakandarrak izan ziren aurreratu zirenak, 4 eta 2 eta 6 eta 3. Une horretan, Ezkurdiak zabalera botatako pilotak txapa jo zuen eta pilota aldaketarekin berpiztu ziren Elezkano eta Rezusta. Zortzi tanto egin zituzten jarraian eta 11 eta 6 jarri ziren aurretik. Tarte horretan, sakandarrek minik egin gabe astindu zuten pilota. Ezkurdiaren bi pareta batek euren bolada txarra hautsi zuen eta hortik aurrera izugarri gogortu zen partida. Zabaletak gora egin zuen eta Rezustari nekea antzematen hasi zitzaion. 15 eta 14 aurreratu ziren sakandarrak, baina hortik aurrera Elezkanok hartu zuen agintea, Rezustari lagundu zion eta tanto ederrak pilatzen hasi zen. 15 eta 18 aurreratu ziren, eta 18 eta 20 gerturatu ziren Ezkurdia eta Zabaleta, baina, azkenean, 18 eta 22 irabazi zuten Elezkanok eta Rezustak. Sakandarrek urrezko puntua lortzeko aukera galdu zuten, eta finalean egoteko urrats handia eman zuten, aldiz, Elezkanok eta Rezustak. “Lau tontakerirengatik egin digu ihes partidak; aurrekoan ere berdin gertatu zitzaigun eta oraingoan ere bai” aipatu zuen Zabaletak.

Olaizolak punturik gabe utzi zituen Altuna III.a eta Martija
Aimar Olaizolak puntan jarraitzen duela erakutsi zuen atzo leporaino beteta zegoen Donostiako Atano III.ean. Berak eta Imazek 22 eta 17 irabazi zieten Altuna III.ari eta Martijari eta finaletan egoteko pausu garrantzitsua eman zuten.

Partida hasi eta berehala, 0 eta 5 aurreratu ziren Altuna eta Martija. Imaz urduri zebilen, baina Asegarcekoek egoerari buelta eman zioten, eta sei tantoko partzialarekin 6 eta 5 aurreratzea lortu zuten. Hortik aurrera izugarri gogortu zen partida eta partida ikusgarriaz gozatu zuten pilota zaleek. 7 eta 10 aurreratu ziren Altuna eta Martija, baina gutxinaka Imaz Martijari nagusitzen hasi zitzaion. Hortik aurrera, olaizolak eta Imazek hartu zuten abantaila, baina 17ra berdintzea lortu zuten Altunak eta Martijak. Nolanahi ere, Martijari nekea sumatzen hasi zitzaion, eta, hortik aurrera, Aimar Olaizola eta Imaz zuzenean joan ziren 22raino.



Sakandarrak elkarren kontra
Asteburuan finalerdietako bigarren jardunaldia jokatuko da. Galtzaileak elkarren kontra lehiatuko dira eta irabazleak euren artean. Horrela, larunbatean Olaizola II.ak eta Imazek Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari Labriten. Eta igandean, Eibarko Astelenan, sakandarren arteko lehia izango da: Ezkurdia eta Zabaleta Altuna III.aren eta Martijaren kontra. Punturik gabe, partida galtzen duen bikoa finaletara sailkatzeko aukerarik gabe geratuko da eta puntua irabazten duenak, hirugarren jardunaldian irabaziz gero finalean egoteko aukerak izango ditu. Hortaz, aurrefinal baten aurrean gaude.