Emakume artistak

Katrin Ginea MundiƱano 2018ko mar. 16a, 08:29

kolaboratzaileak

Aurtengo emakumearen eguna historikoa izan da. Herri osoa atera da kalera, eta bazen garaia, bada garaia gauzak aldatzen joateko. Bagoaz, pixkanaka bagoaz, gero eta azkarrago, eta argi utzi dugu ez garela geldituko. Bagoaz zabaltzen bidea.
Egun honen harira, beste herri askotan bezala, Arbizun ekitaldi pila antolatu dira, eta horietako bat herriko emakume artisten erakusketa izan da.
Herrian Bilgune feminista taldean lanean dabiltzan emakumeek, herriko emakume sortzaile ezberdinei erakusketan parte hartzeko gonbita luzatu ziguten. Nere baiezkoarekin batera, beste 9 emakumeen baietza jaso zuten. Innoren kolore morez osatutako koadroa, Pagoak emakume ezberdinei egindako body painten argazki erakusketa, Iratxe eta Liberen ikusentzunen proiektua, Milaren koadro eta eskultura, Inmaren emakume baten bustoaren koadroa, Ramoniren instalazioa eta koadroa, Cristinaren 4 koadroak, Argiñeren beste bi koadro eta nire argazkiekin egindako instalazioa.
Gaia ez ziguten inposatu. Gai librea, emakumeek sortutako artelanen erakusketa zen helburua, baina argi dago emakumeek badugula, gure emakume izatearen harrotasuna aldarrikatzeko gogoa. Obra guztiek baitute emakumearekin zerikusia; emakumearen edertasuna edo sufrimendua, baita emakumeek egunerokotasunean gizonengandik jasaten ditugun irainkeriak salatzeko gogoa.
Nire kasuan, Senegalera egindako bidaiako argazkiez baliatuz, emakumearen edertasuna, balioa eta lana nahi izan ditut islatu, bidaia hari bezala hartuta. Bidaia zergatik… ba bizitza bidai bat delako, bizitzan bide bat egiten dugulako, batzuetan bide edo bidai hori gozoa izaten da, baina beste askotan gazia. Bide gozoa gehienetan, baina gizonena baino gaziagoa askotan.
Beraz… Gora emakumeak, gora artea eta gora herria!!!