Joxemari Mercero, Espainiako txapeldunordea

Guaixe 2018ko mar. 14a, 12:03

Espainiako Masterren edo Beteranoen Kros Txapelketan bigarrena sailkatu da aurki 79 urte beteko dituen unanuarrak

Asteburuan Espainiako Masterren edo Beteranoen Atletismo Kros Txapelketa jokatu zen Avilan, Candeledan. Bertan lehiatu zen Beste Iruña taldeko Joxemari Mercero beterano unanuarra. 6 kilometroko kros proba zuten aurretik 75 urtetik gorako kategorian lehiatu zirenak, baldintza oso gogorretan. “Lokatza, ura, kaxkabarra… denetatik izan genuen. Lokatz tartean korrika egitea ia ezinezkoa zen, baina ez zuten proba suspenditu eta… aurrera” adierazi digu apirilean 79 urte beteko dituen korrikalari unanuarrak. Alcalá de Henareseko Arsenio Gomezek irabazi zuen 75 urtetik gorako txapelketa (32:36), eta Joxemari Mercero bigarrena sartu zen helmugara (35:37). Espainiako txapeldunordea dugu, beraz. “79 urte beteko ditut apirilean eta sasoiko nago. Ongi sentitzen naiz, eta nahikoa sari da hori” adierazi digu Mercerok.

Beunza Espainiako Txapelketan
Asteburuan Espainiako Kros Txapelketa jokatu zen Méridan. Emakumezkoen proba absolutuan (10 km) Trihas Gebrek irabazi zuen (34:53). Maitane Melero zortzigarrena sailkatu zen (36:06) eta Nafarroako bere taldekide Izaskun Beunza olaztiarra 69.a sartu zen helmugara (41:29). Nafarroako selekzioa taldekakoan hamargarrena sailkatu zen.