Sare sozialen bidez jakinarazi zuen Vendettak bere erabakia pasa den ostiralean. "Bizitzan, liburuetan bezala, orriak pasa behar dira. Eta guretako beste bat pasatzeko garaia heldu da. Badakigu denak hasiera eta akabera duela". Taldekideen bizitzek "ibilbide desberdinak" hartu dituztela eta Vendettari agur esateko unea iritsi zaiola azaldu zuten; "tristura puntu" batekin, "baina asebetetze sentsazio handiarekin, bizitakoagatik eta ilusio handia etorriko denagatik". Taldea "gozatzeko eta gozarazteko" jaio zela eta "lortu dugun sentsazioa" dute.
Luisillo Kalandrakak, Pello Reparazek, Javier Etxeberriak, Ruben Antonek eta Enriko Rubiñosek osatutako boskoteak bost disko utzi ditu: Vendetta, Puro infierno; Atzo, gaur eta bihar; 13 balas eta Bother. Oraindik ere Vendettarekin gozatzeko aukera izanen da aurten. Hainbat kontzertu lotuta dituzte dagoeneko: ostegun eta ostiralean Donostian, larunbatean Gasteizen eta martxoaren 24an Iruñean ariko dira.