Sakana Patin klubaren aurkezpena

Guaixe 2018ko mar. 15a, 14:11

Larunbatean, 11:00etan, Olaztiko Kultur Etxean

Sakana Patin irristaketa taldeak 2018 denboraldiko aurkezpena eginen du larunbatean, goizeko 11:00etan, Olaztiko Kultur Etxean. Aurkezpenarekin batera, Sakanako irristalariek aurten erabiliko duten ekipazioa erakutsiko dute Olaztiko ekitaldian.

Bestalde, aipatzekoa da larunbatean Iruñeko San Juan instalazioetan izandako irristaketa lasterketan Enara Perez olaztiarra bigarrena sailkatu zela emakumezkoen aurrebenjaminen mailan eta Gaizka Flores olaztiarra hirugarrena sartu zela gizonezkoen aurrebenjaminen mailan. Kimuen emakumezkoen mailan Iratxe Lapuente ziordiarrak bigarren postuan gurutzatu zuen helmuga. Sakana Patin taldekoak pozik daude lortutako emaitzekin, baina bereziki neska-mutilak kirol honekin gozatzen dutela ikustean. Hurrengo zita igandean dute gure irristalariek, goizeko 10:00etan Amaia klubeko patinodromoan.