Udako campusak: futbola, triatloia eta errugbia

Guaixe 2018ko mar. 20a, 11:20

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak aurtengo udarako antolatu dituen kirol campusen berri eman du. Futbolaz eta triatloiaz gain, aurten errugbi campusa eskainiko da, aurrenekoz. Astelehenean, martxoaren 19an zabalduko zen izena emateko epea

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak udarako antolatzen dituen campusen berri eman du. Orain arteko bi campusek jarraipena izango dute aurten: futboleko campusa uztailaren 2tik 14ra bitartean luzatuko da, Altsasuko Dantzelakun. Aste bateko bi txanda eskainiko dira. Eta futbol campusa despedituta, uztailaren 16tik 27ra burutuko da triatloi campusa, Altsasun. Aurtengo nobedadea errugbi campusa izango da, ekainaren 11tik 15era jokatuko dena.

Futbol campusa, uztailaren lehen hamabostaldian

Sakanako Mankomunitateko futbol campusa uztailaren 2an hasiko da. Uztailaren 2tik 7ra lehendabiziko txanda izanen da, 2008an, 2007an eta 2006an jaiotako neska-mutilendako. Hurrengo astean, uztailaren 9tik 14ra, 2005ean, 2004an eta 2003an jaiotakoak trebatuko dira futbolean.

Iokin Lobo eta Aitor Lara izango dira entrenatzaileak. Egunero goizeko 9:30etik 14:00etara arituko dira gazteak futbolean trebatzen. Teoria eta praktika uztartuko dituzte, eta kategoria bakoitzari dagozkion gaiak aztertuko dituzte neska-mutilekin. Campusa bukatzerakoan igerilekura joango dira, eta irteera eginen dute Donostiara, Anoeta, Errealaren egoitza ikustera.

Gehienez ere 30 parte-hartzaile onartuko dira txanda bakoitzean; beraz, futbol campusean interesa dutenei lehenbailehen izena ematea aholkatzen du antolakuntzak. Tokia gordetzeko ordainketa agiria aurkeztu beharko da Sakanako Mankomunitatean, izena eman ondoren. Beharrezkoa balitz, Mank-eko kirol zerbitzuak itxaron zerrenda egongo du.

Triatloi campusa, uztaileko bigarren hamabostaldian
Mank-ek antolatutako triatloi campusa uztailaren 16an hasi eta 27an despedituko da. 8 urtetik 16 urte bitarteko gazteek eman dezakete izena korrika, igeriketa eta txirrindularitza batzen dituen kirol honetan. Goizeko 11:00etatik 13:00etara, Aitor Mozo eta Urko Berdud begiraleekin trebatuko dira neska-mutilak. Atletismoa, igeriketa eta txirrindularitza elkartzen dituen jarduera honetan, teoria eta praktika uztartuko dituzte, eta kirol batetik bestera egin beharreko trantsizioak nola egin behar diren ere landuko dute. Sakanako Mankomunitateak uztailaren 21ean Sakanako XVI. Triatloia antolatuko du, eta bertan aritzeko aukera izango dute triatloi campusean ariko diren gazteak.

Aurtengo berrikuntza: errugbi campusa, ekainean
Aurten, nobedade moduan, errugbi campusa eskainiko du Sakanako Mankomunitateak. “Aurreko urtean errugbi campusa antolatzeko urdiaindar baten proposamena jaso genuen. Aurrekontua itxia zegoen, baina proposamena interesgarria iruditu zitzaigun eta aurten errugbi campusa antolatzea erabaki dugu. Etxarri Aranatzen izango da, San Donato futbol zelaian” azaldu digu Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. “Etxarriko Udalarekin eta Etxarriko futbol taldearekin jarri ginen harremanetan, bertako zelaia erabiltzeko baimena eskatzeko, eta eurek ere ekimena oso interesgarria ikusi zuten. Tartean, Etxarri Aranatzen bizi den eta aurreko urtera arte Durangoko emakumeen errugbi taldeko entrenatzailea zen Gorka Garaterekin jarri ginen harremanetan, eta errugbiaren inguruan sakondu genuen berarekin” gaineratu du kirol teknikariak.

Errugbi campusa ekainaren 11tik 15era izanen da, 15:00etatik 19:00etara. 8 urtetik 16 urte bitarteko neska-mutilei dago zuzendua. Egokitutako errugbi-zinta landuko da batez ere, eta teoria eta praktika uztartuko dituzte.

Nafarroako Errugbi Federazioa, oso interesatuta
Amaia Gerrikagoitiak nabarmendu duenez, Nafarroako Errugbi Federazioak oso begi onekin hartu du Sakanako errugbi campusaren antolakuntza eta campusa sustatuko du. “Sakanan errugbia sustatzen oso interesatua dago federazioa. Horrela, eta campusa bulkatzeko, apirilaren bigarren hamabostaldian federaziotik Sakanako hainbat ikastetxetara etorriko dira errugbia zer den, nola jokatzen den eta errugbiak sustatzen dituzten balioen berri ematera” azaldu du kirol teknikariak. Sakanako ikastetxe guztiei egin zieten proposamena, baina Olaztiko eskolak, Iñigo Aritza ikastolak, Zelandik, Korazonistak, Andra Mari ikastola, San Donato eskolak, Lakuntzako eskolak eta Uharte Arakilgoak baiezkoa eman zuten eta euren ikastetxeetan egingo dute azalpena. “Errugbiak errespetua bezalako balore oso garrantzitsuak sustatzen ditu eta oso kirol interesgarria da. Halaber, Mankomunitatetik eskuorri bat prestatzen ari gara, errugbia zer den, nola jokatzen den eta trasmititzen dituen baloreak erakusteko” gaineratu du teknikariak.

Izena ematea astelehenean zabalduko da
Aipatu campusetan izena ematea astelehenean, martxoaren 19an zabaldu zen, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus, www.sakana-mank.eus). Futbol campusaren prezioa 45 eurokoa da (campusa eta Anoetara irteera), triatloi campusarena, aldiz 40 eurokoa eta errugbi campusarena 35 eurokoa.

Mank-eko kontu zenbakia: ES 453035 0116 93 1160003328 (Euskadiko Kutxa) Ordaintzerakoan partaidearen izen abizenak eta aukeratutako campusa zehaztu beharko da agirian.