Anitzartean zerbitzuak irudia behar du

Guaixe 2018ko mar. 16a, 10:07

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak logotipo lehiaketa antolatu du, zerbitzuaren marka edo irudia aukeratzeko. Apirilaren 4ra bitartean aurkeztu daitezke proposamenak

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuari irudia emango dion logotipo lehiaketa aurkeztu zuten asteazkenean aipatu zerbitzuko teknikari Bego Zestauk eta zerbitzuko batzordeko buru Maria Saez de Albenizek. “Zerbitzuak lehen Immigrazio Zerbitzua izena zuen eta aurreko urtean izena aldatu genion eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzua da ordutik, anitzen artean kudeatzen dugulako kultur aniztasuna. Eta kontuan hartuta aurten zerbitzuak 10 urte betetzen dituela, izen berria eta urteurrena lotuaz, gure zerbitzua identifikatuko duen logotipo bat sortzearen bidean logotipo lehiaketa antolatu dugu” aipatu zuen Bego Zestau teknikariak.

Zerbitzuaren baloreak islatu beharko ditu
Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko logotipoa izango dena aukeratzeko lehiaketan 16 urtetik gorako edonork parte har dezake, sakandarrek eta Sakanatik kanpokoek. Logotipoak Anitzartean zerbitzuaren kudeaketan lantzen diren baloreak hartu beharko ditu kontuan: aniztasuna, berdintasuna, diskriminazio eza eta errespetua. “Partaide bakoitzak lan bat aurkeztu ahalko du, euskarri digitalean, CD batean edo pendrive batean. Euskarri desberdinetara egokitu daitekeen formatua izan beharko du. Logotipoak originala eta berria beharko du izan, bere osotasunean, beste inon erabili izan ez dena.  

Lanak aurkezteko epea zabalik dago, apirilaren 4ra bitartean. Mankomunitatean aurkeztu beharko dira lanak, Lakuntzan, bulego ordutegian (8:00-15:00). Epai mahaiak baloratuko du aipatutako helburuekin identifikatzeko erraza izango den irudia izatea, originala, berria, euskarri desberdinetara egokitzeko gaitasuna duena. Ez da onartuko, inolaz ere, edozein erakunde edo pertsonaren kontrako balio edo arrasto arrazistak, xenofoboak edo baztertzaileak dituen inongo proposamenik.

Erakusketa
Epaimahaia Sakanako Mankomunitateko presidenteak, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko buruak eta diseinu munduko profesionalek osatuko dute, eta euren erabakia ezin izango da apelatu. Sari bakarra izango da, 300 eurokoa, sarituak Sakanako Dendarien Elkarteko denda eta komertzioetan erabili ahal izango duena. “Apirilean bertan aukeratu nahi da logotipo berria eta ordutik bertatik hasiko gara erabiltzen. Lehiaketara aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat egin nahiko genuke. Jakina, logotipo lehiaketan parte hartzera animatzen dugu jende guztia” gaineratu zuen Zestauk. Teknikariak azaldu zuen lehiaketako lan irabazlea Mankomunitatearen jabetza izatera pasako dela. “Lehiaketara aurkeztutako gainontzeko lanei dagokienez, lanak jasotzeko epe bat jarriko dugu eta epe horretan jasotzen ez diren lanak Mankomunitatearen jabetza izatera pasako dira” zehaztu zuen kulturartekotasun teknikariak.

Posta elektroniko berria
Izen aldaketarekin batera, posta elektroniko berria du Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak: anitzartean@sakana-mank.eus. Bertara jo dezakete lehiaketaren inguruan informazio gehiago nahi dutenek, edo 648 070 710 telefonora.

Izen aldaketaz
Izen aldaketaren arrazoiez galdetuta, atzera egin du Bego Zestauk. “2006an eta 2007an hasi ginen Sakanan immigrazioa lantzen, orduan Nafarroako Gobernuak emandako diru-laguntzarekin, ordutxo batzuk. Mankomunitateak zerbitzuari jarraipena ematea erabaki zuen eta Immigrazio Zerbitzua 2008an sortu zen zerbitzu bezala. 2012ra arte Gobernuaren laguntza jasotzen jarraitu genuen, etorkinendako harrera plana garatzeko. 2014an bukatu zen laguntza hori. 2012an Mankomunitateak erabaki zuen zerbitzua bere gain hartzea. Eta orduan zerbitzuaren inguruko hausnarketa hasi zen. Izan ere, ez da etorkinei bideratutako zerbitzua, Sakanan bizi diren guztiei bideratutakoa baizik” azpimarratu zuen Zestauk. Izenaren inguruan adostasunik ez zegoela gogoratu zuen Zestauk. “Migrazioa eta aniztasunaz hitz egiten zen orduan, baina izena aldatzeko ez zen erabaki sendorik hartu. 2016an, legegintzaldi berriarekin, hausnarketa serioa hasi zen berriro. Aniztasuna kudeatzen ari ginela argi genuen, baina zerbitzuaren helmuga edo horizontea kulturen arteko hartu emanetara bideratuz, kulturartekotasuna helburu. Eta, horrela, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzua izena jartzea erabaki zen aurreko urtean, 2017an” gaineratu zuen teknikariak. “Orain, irudia eta ikurra jarriko diogu izen berriari, eta espero dugu logotipo lehiaketan jende askok parte-hartzea, irudia aukeratzea oso zaila izatea eta ikaragarrizko logotipo ederra sortzea” opa zuen Zestauk.