Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolek Txioka haur ikastolarekin batera bi urtetik behin arte proiektua lantzen dute euren ikasleekin. Aurtengoa laugarren aldia dute. Aurretik egindako erakusketen gaiak honakoak izan ziren: Sakanako artistak (2012), ibarreko idazleak (2014) eta Sakanako musikariak (2016). Haien obrekin lan egin ondoren aurten birziklapena gaia hartu dute sorkuntza prozesuaren abiapuntu gisa. Burundako bi ikastoletako ikasleen sormen lanak BirziklART erakusketan daude ikusgai atzotik.
Iortia kultur gunetik pasatzen direnek adin desberdinetako ikasleen sormen lanak ikusteko aukera izanen dute: Txioka haur ikastolako 2 urtekoenak, Iñigo Aritza Ikastolako Haur Hezkuntzako 3,4 eta 5 urtekoenak, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. maila eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleak.
Altsasuko Iortia kultur gunetik pasatzen den bisitariak lan plastikoak ikusteko aukera izanen du, hau da, eskulturak eta koadroak. Guztiak hondakinekin, berrerabilitako materialekin eginak. Horretarako, kartoia, porespana, plastikozko botilak, paleak eta beste erabili dituzte ikasleek. Gainera, DBHko 3 mailako ikasle talde batek pertsona batek urte betean sortzen duen hondakin kopurua bildu du eta hori bera izanen da artelana.
Konpetentzien lanketa
Sakanako ikastolek euren arte proiekturako ingurumena hizpide hartu dute laugarren edizio honetan. Burundako ikastolen ordezkari Jone Areta Urrestarazuk azaldu digunez, "artelanaren sortze prozesuak inplikatzen duen arterako konpetentziaz aparte, diziplina barruko oinarrizko hainbat konpetentzia lantzeko aukera izan dugu: hizkuntza komunikaziorako konpetentzia, matematikarako konpetentzia, zientziarako konpetentzia, teknologiarako konpetentzia eta gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia. Baita metadiziplinarra den konpetentzia digitala ere".
Erakusketa horren ondoren Andra Mari ikastolak Etxarri Aranatzen antolatuko duena etorriko da.