Oharrak eta datak buruan, edo, papertxoren batean, eta, papertxoa galtzerdien barruan, oin-zolan. Lagunen batek jarraipenak ditu, telefonoak, ordenagailuak kontrolaturik daude, jende ezezagunarekin mesfidati. Autoan atzera begira, atzeko autoa atzean noiz arte eta zein lekutaraino dagoen jakiteko. Sarekada baten berri izan eta atxilotuen zerrendan izen gehienak ezagutu. Tortura testigantzak irakurri. Gutunak idatzi, bisitetara joan. Kartelak presaka jarri. Aldarri ñimiñoena idazteko pankartak egiten gomazko eskularruak erabili. A eta B planen manifestazioetara joan. Kontrolak listua irentsiz gainditu. Laster egin. Oihukatu. Ezkutatu.
Bilera batzuetan topo egin. Jaialdi, manifestazio batean elkar ikusi, irribarretsu agurtu. Konplizitatea.
2008ko udazkenean Beleixe irratian sarekada askoren berri eman behar izan nuen. Nafarrak ziren detenituetako asko, Iruñerrikoak gehienak. Xabier Rey urrian atxilotu zuten beste hiru nafarrekin batera.
Zure argazkia ikusita ematen du berriz topo egin eta gu agurtzen ari zarela, Xabier.
Ez dakit nolakoa zinen. Zure izena entzunda ez zintzaizkidan lehen kolpean burura etorri. Banekien Puerton eduki zintuztela, ez nengoen ziur Puerton zinduzkatenik oraindik. Banekien kondena luzea jarri zizutela.
Zutaz ezer gutxi jakin arren lotura bat bada erdi klandestinoa erdi agerikoa, sendoa urteak igarota ere.
Agur eta ohore, Xabier.
Besarkada bana senideei, lagunei eta errepresaliatu politikoei.