Martxoaren 8a igaro berri den honetan, momentu egokia iruditzen zaigu euskal emakume preso politikoen egoera salatzeko. Emakumea izatea bizitza arruntean berez zaila bada ere, are gehiago zailtzen da konpromiso politiko edo militante sakonak daudenean. Zer esanik ez konpromiso horiengatik espetxeratzen zaituztenean.
Emakumeak haientzako pentsatuak izan ez diren espazioetan espetxeratzen dituzte. Presondegietako legedian ere “ez-leku” batean aurkitzen dira, ez baitituzte aipatzen amatasunaz edo haien balizko “izaera ezberdina” aipatzeko (hilerokoa, haurdunaldia ...) ez bada.
Zigor laukoitza jasaten dute: Soziala: delitua egiteagatik bakarrik emakumeei ezarritako genero-rolekin (esanekoak izatea, ezarritako arauak betetzea…) apurtzen delako. Pertsonala: familiarekiko banaketa, baina, batez ere seme-alabekiko banaketa oso traumatikoa izaten da ama-alaba/seme gehienentzako. Penala: emakumeen kondenak betetzeko baldintzak gizonezkoenak baina gogorragoak dira. Eta laukoitza: EPPKko kideak normalean FIES-3 izaten dira, eta horrek euren komunikazioetan eragiten die. Emakumeek pairatzen duten isolamendua handiagoa da. Emakume preso politikoek dispertsio-egoera bizi dute, hain zuzen ere, haientzako egokitutako kartzelak ez direnez, sorterritik urrun dagoen beste kartzela batera bidaltzen dituztelako.
Euskal emakume preso politikoek bizi duten egoeran sakontzeko “Emakumeak eta kartzela” mahai-ingurua antolatu dugu Arbizun. Mahai-ingurua gaur, martxoaren 16an, ostirala, arratsaldeko 18:00etan izanen da Udaleko Batzar Aretoan. Bertan, honako hauek hartuko dute parte: Oihana Etxebarrieta “Borroka armatua eta kartzelak” liburuaren egileetako bat; Anitz Eskisabel, preso ohia, Ainara Ladron, preso ohia eta Maitane Intxaurraga, preso ohia.
Honenbestez, sakandar guztiak bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Erasorik ez, erantzunik gabe!