Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako eta Euskal Yaren arteko lotura egiteko bi proposamen aurkeztu zituen Sustapen Ministerioak: Sakana zeharkatuz lotura Gasteizen egitea eta bestea Altsasura arteko trenbidea eta Ezkio-Itsason lotzea. Nafarroako Gobernuak astelehenean jakinarazi zuen alegazio epean beste proposamen bat aurkeztu duela: AHTko trenbidea Bakaikuraino iritsiko litzateke eta handik iparralderantz joko luke Ezkio-Itsason Euskal Yarekin lotzeko.
Gobernutik azaldu dutenez, "aukera hori bere garaian kontuan izan zen. Maldaren gradu baldintza betetzen du eta, gainera, tunelaren luzera laburtuko luke". Foru administraziotik azaldu dutenez, Kantauri aldera ateratzeko aukera guztiak aztertzea nahi dute, eta haiek gaitasun egokia izatea, "azpiegitura garestia baita eta urteetan zerbitzua eman behar baitu".
Alegazio gehiago
Nafarroako Gobernutik ministerioari "puntu batzuk sakon aztertzeko" eskatu diote. Batetik, Gasteizko loturaren alde egiten bada, Gasteiz eta Bergara arteko zatiak tren garraiorako nahikoa gaitasuna lukeen argitu nahi du foru administrazioak. "Zenbait aurreikuspen beteko balira saturazio maila gehiegizkoa litzateke aurki. Gaitasun faltak merkantziak trenez modu lehiakorrean eramatea mugatuko luke". Gobernuak karga eta fidagarritasuna aipatzen ditu puntu horretan.
Nafarroako Gobernuak bere alegazioetan dio ez direla egoki baloratu Gasteizko loturako zenbait faktore (inbertsioa, ibilera denborak, eskaera, zenbait ingurumen elementu, mantentzea, eta errentagarritasun sozio-ekonomikoa) eta hori Ezkioko aukeraren kaltetan izan dela. Horregatik, gobernuak ministerioari bi alternatiben balorazioak errebisatzeko eskatu dio.
Alegazioek hainbat iritzi sorrarazi zituzten. EH Bilduk alegazioak errefusatu zituen eta Nafarroak halako azpiegiturarik ez duela behar gaztigatu zuen. PSNren ustez, "albiste ona da ministerioarekin elkarlan jarrera azaltzea". I-Ek "ingurumen astakeriatzat eta diru-xahutzetzat" jo zuen gobernuaren proposamena. PPren iritziz foru administrazioa "AHT Nafarroara iristeko trabak jartzen ari da. Makina bat bilera izan ditu proposamena han jakinarazteko".
Plataformakoak Parlamentuan
Sakana Trenaren Alde plataformako kideek euren tren sozialaren aldeko proposamena aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuko Ekonomia Garapeneko Batzordean herenegun. Martin Zelaiak egungo trenbidea hobetzea eta Europako estandarretara egokitzeko beharrezko lanak egitearen alde azaldu zen. Horrela bidaiari eta merkantziendako gaitasun handiko trenbidea lortuko litzatekeela defendatu zuen, eta azpimarratu egungo trenbidea bikoizteko prest dagoela. AHTko ibilbideak ez duela ekarpenik egiten gaineratu zuen, baita egungo trenbidea egokitzea ere ez dela aztertu.
Zelaiak zalantzan jarri zuen AHT bidez merkantziak garraiatzeko aukera izanen zenik. Bestetik, unibertsitate azterketa bat aipatuz nabarmendu zuen hura eraikiko balitz, prozesu horretan sortutako kutsadura, CO2 isuriak, 100 urtetan ez liratekeela bere onera bueltatuko. Hala, proiektuaren ingurumen onurak zalantzan jarri zituen. AHTren sustatzaileek soilik hiriburuak kontutan hartzen dituztela eta ez herrietako biztanleen mugikortasun beharrak nabarmendu zuen.
Aingeru Mikeok, bestalde, Espainian azpiegituren planifikazio falta dagoela gaztigatu zuen. Haiek politikariei komenigarri zaielako egiten direla azpimarratu zuen. Eta azaldu zuenez, Europan Espainia da AHTko km gehien duen eta lineak errentagarriak ez direla esan zuen. Horrek estatua eta Adif enpresa zorpetu besterik ez dituela nabarmendu zuen. Egungo trazadura bikaintzeko eskaera berrestearekin batera, ibilbide proposamenak sakandarren artean "kezka eta alarma" sortu zituela jakinarazi zien parlamentariei.
Horiek ere hitza hartu zuten. Geroa Baiko Rafael Eraso AHTren alde azaldu zen, "Nafarroako ekonomia garapenaren onerako delako. Sakandarrek salatutako ibilbidearen eraginak zuzentzearen alde agertu zen eta 100-150 urterako tren berria zela AHT gaineratu zuen. EH Bilduko Dabid Anautek sakandarrekin bat egin zuen, gizarte, ekonomia eta ingurumen arrazoiengatik. Eta AHTri buruzko eztabaida eskatu zuen. Ahal Duguko Carlos Cousok aldarrikatu zuen Nafarroak konektibitatea behar duela, ez abiadura. Mugikortasun jasangarriaren alde egin eta AHTak ez dituela egituratzen salatu zuen. I-E Marisa De Simon egungo sarea hobetzearen alde azaldu zen. Eurek ere alegazioak aurkeztu zituztela jakinarazi zuen.
UPNko Carlos Garciak Parlamentuan AHTren alde gehiengoa zegoela aipatu zuen. Sakandarrek aipatutakoak AHT ibilbidea hobetzeko balioko zuela esan zuen. PSNko Guzman Garmendiak AHT Nafarroarendako onuragarria dela esan zuen. Egungo trenbide sarea berritu beharra dagoela nabarmendu zuen. Altsasun aurreikusitako logistika guneak lanpostuak sortuko zituela gaineratu zuen. Azkenik, PPko Javier Garcia AHT Nafarroara lehenbailehen iristearen alde azaldu zen. Hori ere tren soziala ere badela azaldu zuen, "denok erabil dezakegulako".