Errigorak gure sukaldeak eta ekoizleak lotuko dituen zubiak egiten, komunitatea sortzen ari da. Bertako, kalitatezko eta osasuntsu diren produktuen aldeko apustua egin dute, "gure elikadura beharrei erantzuteko gai den herria amesteko". Guztia lan boluntarioan oinarrituta, auzolanean.
Erriberako 14 ekoizleren produktuak dira Errigorak eskaintzen dituenak: olio birjina estra, pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, barazki-menestra, potxak, tomate frijitua eta barazki kremak. Guztien eskaintza bikoitza da, ohiko ekoizpenekoa edo ekologikoa. Guztiak ere euskaraz etiketatuta eta ekoizleen jatorrizko prezioan, despentsa betetzeko moduan.
Errigorako eskaera egiteko garaia orain da, martxoaren 20ra arte. Eskaerak ohiko tokitan egin daitezke Sakanan, bestela www.errigora.eus web orriaren bidez. Olioa eskatzen dutenek hura apirilaren 9tik 20ra bitartean jasoko dute. Kontserben banaketa, berriz, maiatzaren 31n hasi eta garagarrilaren 12 bitartean eginen da. 2017an 86.500 litro olio eta 208.000 kontserba ontzi banatu ziren hala.